"¡Eh, toro, eh!"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko abu. 19a, 11:53

Bidaian izan genuen ezustea dela-eta, iaz bisitatzeke utzi behar izan genuen parajeetara egin dugu aurtengo oporretako lehenengo egunetan: Grazalemara, Cadizeko mendialdera. Toki zoragarrian hartu dugu atseden. Fauna eta flora aberatseko mendien, eta zezenen, olibondoen eta mahatsondoen artean.

Azken urteotan, bizpahiru eguneko egonaldia egin izan dugu Grazaleman. Kostaldean hamabost egun egin aurretik edo ostean. Gustuko dugu bertako hotel batean lasai-lasai egotea, igerilekuan…, eta gustuko ditugu bertako gosariak. Herritik bost bat kilometrora dago kokatuta eta herriko etxe zuriak aurrez aurre ditugu mendiaren magalean. Ikusgarria da.

Askorako ematen du: inguruko herri politak bisitatu, bertako fauna eta flora bertatik bertara bistaratu edota mendi buelta egiteko, oinez zein bizikletan, horretarako ondo prestatuta daude-eta bidezidorrak.

(Grazalemako plaza nagusia).

Antzuola modukoa

2.227 biztanle zituen 2008an Grazalemak. Antzuolak baino apur bat gehiago. 812 metrotara dago eta, gezurra badirudi ere, Espainian euri gehien egiten duen tokia da; udan ez du apenas egiten, halere. Guadalete ibaia hango mendietan jaiotzen da, Puerto de Santamarian (Cadiz) itsasoratzeko.

XVIII. eta XIX. mendeetan ospea hartu zuen Grazalemako ehungintzak, artilez egindako manta eta bestelakoengatik.

Sokamuturrak

Zezenarengatik ere ezaguna da Grazalema. Gure sokamuturraren antzera, han ere zezena kalean gora eta behera aritzen da. Uztailean, Karmengo amaren festetan, Lunes del toro de cuerda izan ohi da. Diotenez, Espainiako zezen festarik zaharrenetakoa da. Izen bereko elkartea ere bada herrian. Aurten, uztailaren 22an ospatu da, gu izan aurreko astean. Eta, aurten ere, ospitalera eroan behar izan dituzte batzuk, zezenak harrapatuta.

"¡Eh, toro, eh!"

Zezena da Andaluziako eta, zehazki, Cadizeko, mendi aldeko herrien eta herritarren kulturaren parte garrantzitsu. Grazalemako sokamuturra da horren erakusle. Baina baita inguruetan dauden ganadutegiak edota haziendak. Ubrique, El Bosque, Ronda… Grazalematik gertu-gertuan daude. Eta, Ambiciones (Jesulin toreroaren familiaren landetxe eta hazienda) edo Cantora (Isabel Pantojarena), Medina Sidonian berau, ere bai.

Zezenarekiko zaletasunaren erakusle dira argazkiko neska-mutikoak. Uztail amaierako arratsalde batean herriko plaza nagusian jolasean harrapatu genituen: bata kapotearekin txuliatzen eta bestea zezen-adarrak eskuetan, bata bestearen atzetik.

Guk, zezenketak ez ditugu gustuko, ordea. Ezta sokamuturra ere. Baina zezenaren okela bai. Buztan ederrak jan izan ditut saltsan. Eta zezen, txerri iberiko, orein eta bestelako okelak jateko toki paregabea da Grazalemako El Torreon. Hoteleko gosari betegarriaren ostean, otordu ederrak egin ditugu afaltzen jatetxe merke horretan.

Aurtengo sokamuturreko zezenen okelak salgai ere ikusi ditugu Grazaleman. Ez ditugu erosi, baina ziur primerakoak izango zirela.

Eguzkitan etzanda

Atsedenerako egunak izan dira uztailaren 29tik abuztuaren batera arte Grazaleman igaro ditugunak, Cadizeko kostaldera abiatu aurretik. Irakurtzeko, musika entzuteko eta hoteleko igerilekuan eguzkitan etzanda egoteko aprobetxatu dugu. Atsedenerako. Fermin Etxegoienen Zinegotzia irakurtzeko, edota Chromatics, Johny Marr (The Smits), Klaus & Kinski edo Belle & Sebastian entzuteko (gozagarria izan da eskoziarren emanaldia Zurriolako hondartzan aurtengo Donostiako Jazzaldian).


(Marilu hoteleko pizinaren aurrean eta atzean Grazalema herria, mendiz inguratua).

Herri zuriak

Aurten ez, baina beste urte batzuetan ibili izan gara hara-hona inguruko herrietan: aipatutako Ubrique eta Ronda; Zahara de la Sierra, Setenil de las Bodegas, Olvero… Herri zuri politak dira, ikusteko eta jateko asko eskaintzen dutenak. Rondako Almocabar jatetxeak, esaterako, merezi du nabarmentzea. Cadizeko kostalderantz, berriz, oso herri politak dira Arcos de la Frontera, Alcala de los Gazules, Medina Sidonia, Vejer de la Frontera…

Olioa eta ardoa

Olibondoak eta mahatsondoak ere ikusiko ditugu paraje hauetan. Oliba olio ezin hobeak eta baita ardo interesgarriak ere. Aurten ere bidaia aprobetxatu dugu oliba olioa erosteko. Zahara de la Sierran. Bertako mantzanilla-olibaranarekin egina.

Almazarak dira oliba olioa egiteko upategi modukoak. Eta olioa ez ezik, ardoa ere erosi dugu aurten. Almazara ondoan bertan landatutako mahatsondoek emandako fruituekin egina eta Zaharako kobazulo batean barrikan ontzen gordea. Ez dut probatu oraindik…

(Zahara de la Sierrako almazaran oliba olioa eta ardoa erosi ditugu).

"¿De Bergara?"

Olioa erosten geundela, kostalderantz egin aurretik, jabearekin berriketan zegoen Algodonales herriko batek deitu digu atentzioa. Nongoak garen galdetu, eta, euskaldunak, gipuzkoarrak, garela. Baina, nongoak, berriz, eta, Bergarakoak geuk. "¿De Bergara?". Harridura aurpegiz, baietz geuk. "Estuve allí un mes el otoño pasado. Justo cuando el chalao aquél se subió a la grúa". Hau kasualitatea! Elorrion lanean egon zela eta Ariznoa hotelean ostatu hartu zuela kontatu zigun. "Hasta el día de las elecciones estuve" diosku Francisek. Iazko urriaren 21ean egin zuen berriro herrirantz.

Guk Conilen 15 egun egin ostean egin genuen herrirantz, aurten ere ederki pasatuta, eguraldia lagun, bero handirik ez du egin-eta.

Aurten ez dugu ezuste berezirik izan eta autoak ondo erantzun digu. Besterik ez genuen behar!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak