'Bergara 1936, gerra eta errepresioa' dokumentala ikusgai asteburuan Zabalotegin

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko uzt. 2a, 16:13

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egin du eta 25 bergararren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan. Zazpi errekreazio ere ageri dira lanean; hori egiteko 50 boluntarioren laguntza izan dute, eta horietatik 40k, aktore bezala egin dute lan. DVDaren bina emanaldi eskainiko dituzte Zabalotegin zapatuan eta domekan, hilak 6 eta 7; 19:00etan euskarazko bertsioa emango dute eta 20:00etan gaztelaniazkoa.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak bosgarren ikus-entzunezkoa aurkeztu du: Bergara 1936, gerra eta errepresioa dokumentala. 50 minutuko iraupena dauka eta auzolanean egindako lana da.

Bertan 25 bergararren testigantzak daude jasota, horietatik 10 emakumeak dira eta dokumentalean agertzen dira UHP eta Loyola batailoietan miliziano edo gudari ibilitakoak, gerrako umeak, Bergarako lehen ikastolako ikasleak, edota fusilatutakoen senideak.

Zazpi errekreazio

Ikus-entzunezkoan zazpi errekreazio ere agertzen dira. Hauek, besteak beste: faxistak San Migeletik Bergaran sartzen; Aritznoa Euzko Ikastolako liburuen erretzea edota Osintxuko atxiloketak, fusilamenduak eta Anbrosio Agirreren ihesa. Errekreazio horietan 50 pertsona boluntariok hartu dute parte eta horietatik 40k aktore lanak egin zituzten.

Bost ataletan banatuta

Dokumentala bost atal hauetan dago banatuta; Bigarren Errepublika, kolpe militarrei erresistentzia, matxinatuak Bergaran, bergararrak borroka lerroan eta ondorioak. Bidean galdutakoen memoria aldarrikatu nahi izan dute lanarekin, Juan Ramon Garai Intxorta 1937 elkarteko kidearen hitzetan. Eta DVDaren aurkezpenean izan den Gipuzkoako Foru Aldundiko Marina Bidasorok ere azpimarratu nahi izan du Foru Aldundian memoria berreskuratzeko lanean jarraituko dutela.

Emanaldiak asteburuan Zabalotegin

Ikus-entzunezkoaren 1.000 ale atera dituzte eta salgai jarriko dituzte egubakoitzetik aurrera 12 euroren truke. Gainera, zapatu eta domekan Zabalotegi aretoan ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egongo da.19:00etan hasita euskarazko bertsioa emango dute bi egunetan eta 20:00etan hasita, berriz, gaztelaniazkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak