Ama Birjina zaharberritu egin dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko eka. 28a, 17:03

Bergarako San Juan auzoko Ama Birjina zaharberritu egin dute. Erromaniko gotiko garaikoa da, eta Gipuzkoako Ama Birjinen katalogoan, zaharrenen multzoan kokatuta dago. XIV. mende bukaerakoa eta XV. hasierakoa da Andre Maria.

San Juan auzoko bizilagunek gaur egun duten arazo nagusia ermitako teilatua konpontzea da. 2011ko abuztuan ermitaren alboko baserria erre egin zen eta horrekin batera baita ermitako teilatu zati bat ere. Arazoari konponbidea eman nahian, auzotarrek Obieta elkartea sortu zuten, San Juan auzoa jorratzeko elkartea. Jendeak parte hartu eta kontzientzia har dezan, hainbat ekimen egin gura dituzte; horietako bat, Ama Birjina berritzea izan da.

Andre Mariaren egoera

Zurezko taila da, polikromatua. Ama Birjina eserita dago, haurra belaunetan duela. Esku batean bola bat darama eta beste eskuarekin haurra heltzen du. 25x72x18 zentimetroko irudia da. Irudia XVII. mendearen bukaera aldeko erretaula barrokoan ipinita dago.

"Irudiaren egoera nahiko kaskarra zen, batez ere pipiak janda zegoen", azaldu du Jesus Agirre auzo-alkateak. Zaharberritze lanak Bergarako Artez enpresako Aida Payá eta Maite Fernandezek egin dute, 580 bat euroren truke.
"Taila nahiko egoera onean zegoen baina polikromia ez. Lehenengo izoztu egin genuen, pipiaren aurka lan egiteko; ondoren, galduta zegoen polikromia guztia bete genuen; eta, azkenik margotu egin genuen", dio Payák. Gaineratu du gaur egunera arte irudia ez dela ukitu; eta, hori ez dela ohikoa izaten: "Normalean norbaitek margotzen ditu". Zaharberritzean Rigattino teknikarekin margotu dute irudia: "Teknika horrekin, urrunera, ez da ezer nabaritzen; baina gertutik ikusiz gero konturatzen zara zaharberrituta dagoela eta margoa ez dela originala, marratxo batzuk izaten ditu".

Irudia XIV mendekoa izan arren, polikromia gerora egindakoa da: "Ohikoa zen taila egur kolorean uztea; handik 200 urtera edo, auzoan dirua zegoenean margotu egiten zuten", dio Agirrek. Ama Birjinak koroa falta du eta haurrak, aldiz, bi eskuak.

Ermita auzoarena da

Auzotarrek gaur egun duten ardura nagusia teilatua konpontzea da. "Lan asko eskatzen du", gaineratu du Agirrek. Hori horrela, Udalarekin harremanetan daudela esan du. "Udalak beharrezko materiala ordaindu eta auzoak esku lana ordaintzea izango litzateke egokiena", dio auzo alkateak. Teilatua auzo lanean konpontzea nahiko arriskutsua izango litzatekeela uste du: "Teilatuak altuera handia du eta arriskutsua izan daiteke". Eraikuntza finkatzea da auzotarren ardura.
Agirrek esan du ermita auzoarena dela: "Hori diote 1810eko eskriturek, eta eskrituretan ere argi azaltzen da auzotarren beharretarako izango dela ermita, ez bakarrik meza esateko". Gaur egun, San Juan egunez bakarrik ematen da meza San Juan auzoko ermitan.

San Juanen irudia

San Juanen burua erretilu baten gainean dagoen irudia ere berritu egin dute. Bergarako Bitoriano Larrañaga antikuarioak eta auzoko emakume batek egin dituzte lanok. "XVIII. mendekoa dela diote baina Larrañagak dio erretiluko letrak geroagokoak direla". Caput Joannis in disco esaldia agertzen da erretiluan.  Pipiaren aurkako tratamendua eman diote irudi honi ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak