Inauguratu dute Aranzadi ikastolako eraikin berritua

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko eka. 17a, 11:19

Inaugurazio ekitaldian 130 lagun inguru elkartu dira; UNED patronatuko kideen ordezkariak (Udala, Kutxa, UNED eta Foru Aldundia), Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta eraikin horretan ia 42 urtetan zehar egon diren erakundeen ordezkariak. Aurreskuaz gain, musika eta kantua izan dituen inaugurazioa izan da. Omenaldia ere egin diete eraikineko lehenengo solairua egiten ibili diren gurasoei eta ondoren, instalakuntza berrietatik bisita gidatua egin dute.

Biolin soinuaz hasi zen inaugurazio ekitaldia; gaztetxo talde batek bi abesti jo zituen. Ondoren, Mireia Gallastegi Aranzadiko presidenteak esker hitzak izan zituen. Gero, Martin Garitano, Jesus Elorza eta Iñaki Esparzari aurreskua dantzatu zieten.

Garitano Ahaldun nagusiak hitza hartu zuen eta esan zuen Aranzadi dagoen eraikina "Bergarak munduan jarri duen eraikin oso garrantzitsua" dela. Hauxe gaineratu zuen jarri duten metodologia berriari buruz: "Arrasateko Arizmendiko emaitzak onak omen dira adituek esaten dutenez, eta hori Bergaran ezartzea oso ona da. Bergara, Arrasate eta nik uste dut eskualde osoa jartzen duela aitzindari bezala eta hori oso pozgarria da".

Omenaldia

Omenaldia ere egin zieten Aranzadiko beheko solairuko estruktura egiten ibili diren gurasoei. Urtebetez lanean ibili dira gurasoak eta ume talde batek dantzak egin zizkieten. Ondoren oparitxo bat banatu zieten hiru guraso ordezkariri.

Bisita gidatua

Eraikinaren lehenengo solairua da berriztu dutena eta bertaratu zirenekin bisita gidatua egin zuten instalazioetan. Solairu horren berezitasuna da paretarik ez dagoela eta umeari espazioarekiko erlazioa bere kabuz garatzeko aukera ematen diola.

Mireia Gallastegi presidenteak esan zuen adin desberdinetako umeak nahastu egin direla modu horretara eta hori oso aberasgarria dela txikiendako. "Proiektu berritzailea da, oso ondo funtzionatzen du eta konfiantza guztia daukagu" adierazi zigun. Arrasateko Arizmendin ere martxan dute metodologia berritzaile hori eta Gallastegik hauxe gaineratu zuen: "Proiektu berri honen laguntzaz eta eraikin berri honetan, ea erreferente izaten jarraitzen dugun."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak