Bergara Garbia hondakinen mahaia osatzeko prest, "atez atekoarekin lotutako guztia geratuz gero"

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 1a, 13:37

Halaxe esan du plataformak, aurreko martitzenean Udal ordezkariekin batzartu eta gero. Udal Gobernu taldeak, bere aldetik dio, "guztion artean jarri nahi" dituztela helburuak, "beste herri batzuetan egin duten moduan, eta helburu horiek lortzeko sistema zein den guztion artean erabaki nahi" dutela.

Iragarri moduan, maiatzaren 28an batzarra egin zuten atez atekoaren kontrako eta bosgarren edukiontziaren aldeko Bergara Garbia plataformak eta Udal Gobernuak hondakinen mahaia eratzeko aukerari buruz.

Batzar horren harira, plataformak prentsa oharra bidali du eta honakoa dio: "Gobernuak onartu du hondakinen bilketaren inguruan desadostasunak daudela bai Bergaran eta baita Gipuzkoan ere, eta Elgetan eta Zumaian hartu dituzten antzeko erabakiak hartzeko prest azaldu da. Bergara Garbia plataforma gertu dago hondakinen mahaian parte hartzeko, beti ere atez ateko bilketarekin lotutako guztia gelditu egingo dutela idatziz bermatzen badigute".

Mahai horretan parte hartzeko gonbitea Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei luzatua die gonbitea Gobernu taldeak eta baita Bergara Garbia eta Zero Zabor taldeari ere. Azken horrek aurreko astean dagoeneko adierazi zuen mahai horretan parte hartzeko asmoa.  

Udal gobernuak batzarraren balorazio positiboa egin du

Udal Gobernuak, bere aldetik, Bergara Garbiarekin egindako  bileraren balorazio positiboa egin du. "Urtebete honetan euren protestak ikusi ditugu eta jakitun gara kontrakotasunak daudela gai honen inguruan, eta gure asmoa zein den azaldu genien", adierazi du Leire Iruin ingurumen zinegotziak. Eta gehitu du: "Bi aldeetan egon dira mugimenduak eta guk hausnarketa mahai bat eratu nahi dugu gai horren inguruan berba egiteko. Guztion artean jarri nahi ditugu helburuak, beste herri batzuetan egin duten moduan, eta helburu horiek lortzeko sistema zein den guztion artean erabaki nahi dugu. Hori guztia idatziz jakinaraziko diogu plataformari, bilerako akta jaso zelako", gaineratu du Iruinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak