Ane Egino: "Irlandako Killarneyko parke nazionalean egoten gara egunero, boluntario, errododendroak kentzen"

Jone Albeniz 2013ko mai. 28a, 02:00

Ane Eginok (Bergara, 1989) naturarekiko interesa izan du betidanik. Duela bi urte Gasteizen Ingurumen Zientzietan lizentziatu ostean, gaur egun, beka bat lortu eta Irlandan dago praktiketan. Killarneyko parke nazionalean dago boluntario, Rhododendrum ponticum espezie inbaditzailea eliminatzen.

Nondik datorkizu ingurumenarekiko interesa?

Betidanik gustatu izan zait mendira joatea, animaliak... Batez ere, horregatik animatu nintzen Ingurumen Zientziak ikastera.

Nolatan Irlandan? Zertan zabiltza?

Karrera bukatu nuela jada ia 2 urte pasa dira eta ez nuen lanik topatzen Euskal Herrian. Beti gustatu izan zait bidaiatzea eta hizkuntzak ikastea; beraz, atzerrian praktikak egiteko beka bat eskatu eta Irlandara etorri nintzen, aurreko urtean lagun bat bisitzaten egon nintzenean asko gustatu zitzaidan eta.

Killarneyko parke nazionalean nago boluntario, Rhododendrum ponticum espezie inbaditzailea eliminatzen. Momentuan, bost boluntario gaude: Belfasteko mutil bat, Dublingo beste bat, bi neska aleman eta bostok. Parkeko eremu desberdinetan egiten dugu lan, arazo larria diren errododendroak moztu eta berriro atera ez daitezen tratatzen.

Zertan datza lana?

Egunero parkean egoten gara 10:00etatik 16:00etara. Egun bakoitzean, tokatzen zaigun eremura joaten gara eta bertako errododendro guztiak eliminatzen ditugu: txikiak tirakada bidez edo artazi txikiekin eta handiagoak, loper izeneko artazi handi batzuekin edo aizkorarekin. Handiak direnean, herbizida bota behar zaie berriro atera ez daitezen, berriro ateratzen diren landareak indar handiagoarekin ateratzen baitira eta gero zailagoa delako haiek ezabatzea.

Zerk bultzatuta irten zinen Euskal Herritik kanpora?

Egoerak. Karrera bukatu nuen eta ez nuen lanik topatzen Euskal Herrian. Momentu egokia iruditu zitzaidan kanpora joan eta ingelesa ikasteko. Nagusiago egiten zaren heinean, ardura gehiago dituzu eta zailagoa iruditzen zait kanpora joatea denboraldi baterako.

Desberdintasun handia dago Irlandaren eta Euskal Herriaren artean?

Klima antzekoa da, baina esango nuke Irlandakoa gogorragoa dela. Ni bizi naizen herria Irlandako herri euritsuena da. Ordutegi aldetik ezberdina da bizimodua: hemen oso goiz afaltzen dute, 18:00 aldean; eta pubak itxita daude 03:00rak baino lehen.

Ezberdintasun handia dago bertako eta hemengo jendearen artean?

Irlandarrak oso jatorrak dira, edozein taberna edo dendatan hasten dira zurekin hitz egiten. Guri gehiago kostatzen zaigu ezezagunekin hitz egitea. Oso bromazaleak dira, gainera.

Erronka?

Jendea naturaren garrantziaz jabetzea eta, behingoz, zaintzen hastea. AHT bezalako azpiegitura erraldoi eta alferrikakoak geldiaraztea gurako nuke.

Eta, jakina, egunen batean ingurumen arloan lan egin ahal izatea.

Zelan ikusten duzu gaur egungo gizartea?

Indibidualista eta materialista. Nor bere kontuez soilik arduratzen da eta bizitzaren helburua gauzak edukitzea besterik ez da.

Hiria ala landa eremua?

Bisitan joateko gustatzen zaizkit hiriak, ez bertan bizi izateko. Egia esan, gustura egon nintzen Gasteizen bizi izaten, bertan hirietako abantailak daudelako, baina herri bat bezala da aldi berean. Nahiago dut landa eremuan bizi, naturarekin kontaktuan.

Buruan bueltaka daukazu proiekturen bat?

Beti nahi izan dut Latinoamerikara bidaia luze bat egitea, denboraz, herrialde ezberdinak ezagutuz.

Irlanderaz hitz bat?

Báisteach (euria).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak