Fiachras: "Musika erosten duenak nahiago izaten du biniloa, xarma berezia dauka"

Jagoba Domingo 2013ko mai. 22a, 02:00

Solo soy un perro embaucador y desterrado; horrela dio Bergarakoen Antes de marcharme kantuak. Fiachras bueltan da bi himno berrirekin, eta kantuak inoiz baino gordinagoak dira; hala ere, ehuneko ehunean Fiachras direla antzematen da lehenengo entzunalditik. Gasteizko Sumision City Blues taldearekin bat kaleraturiko binilo-singleko abestiak aurkeztu zituzten egubakoitzean Bergarako jaietan. Bi taldeek orain dela urte batzuk punk-rock anfetaminikoaren bidea alde batera utzi zuten, beste abentura batean murgiltzeko. Diskoa bidean elkartu zireneko testigantza da. 

Nolatan singlea?

Artola eta Pela [SCBko abeslaria] lagunak dira aspalditik, eta Pela-ren urtebetetze festa batean jo genuen. Guk Brigada Criminal taldea utzi ondoren sortu genuen Fiachras, eta Sumision City Blues Obligaciones taldea desegin ostean sortu zen. Kasualitatez, bi taldeok punk-rocka alde batera utzi eta musika modernoaren sustraietara jo genuen. Hori dela eta, kontzertu batzuk batera egin genituen eta horietako batean sortu zen ideia. Gainera, SCBkoek disko luzeak grabatu beharrean disko motzak argitaratzen dituzte, eta ideia gustuko izan genuen. Gaur egun diskoak ez dira saltzen eta lan izugarria egitea diskoko hiru kantu bakarrik entzun daitezen...beste formula bat izan daiteke.

Lan egiteko era aldatu duzue?

Egia esan, orain arte bezala funtzionatu dugu. Erabakiak hartzeko bi talde garela kontuan hartu beharra dago, baina ez da egon ezberdintasun handirik.

Zelakoa izan da grabazioa?

Zapatu batean grabatu genuen, Tolosan, Bonbereneako estudioan, Txapen laguntzarekin. Egun bakarrean grabatu genuen eta emaitzarekin nahiko pozik gaude, presaka ibili ginen arren. Buruan genituen hainbat gauza egin gabe geratu ziren, baina...

Zelakoak dira kantuak?

Lehena 57 segundos deitzen da, eta lanean bizi diren kontu txarren ingurukoa dela uste dut, Artolak egiten ditu letrak. Rockeroagoa da, grabazio honetarako soinua aldatu egin dugu.

Antes de marcharme, ostera, Artolak ia amaituta ekarri zuen, lokalean zerbait moldatu eta forma hartu zuen. Letra Rasputinen ingurukoa da, Artolak biografia bat irakurri zuen eta horren gaineko istorio bat kontatzen du.

Berriz ere Bonberenean Txapekin.

Konfiantzazkoa da, erraza da harekin lan egitea eta pazientzia handia du. Talde bezala ondo ezagutzen gaitu dagoeneko. Azken urteetan beti harekin grabatu izan dugu eta emaitzarekin pozik gaude. Egia esan, ez dugu planteatu beste estudio batera jotzea, kontu horietarako nahiko nagiak gara, kantuak egiten saiatzen gara. Orain, adibidez, Txus sartu zenetik ahotsei garrantzi handiagoa ematen diegu, melodikoagoak dira.

Kantu berri hauek rockeroagoak dira. Apropos egindakoa?

Nolabait, bilatu egin dugula uste dut. Oraingoan, ez genuen instrumentu askorik zuen kanturik egin nahi, beraz nahitaez gitarrek presentzia handiagoa dute. Hasierako folk-rocka alde batera utzi eta rock klasikoagorantz jo dugula esan genezake.

Beraz, taldeak ibilbidean eboluzioa izan du.

Bai, lehenengo diskoa oso folki-a zen, bigarrenarekin kantu osatuagoak egin genituen, moldaketa eta instrumentazio askorekin. Oraingo honetan, hori guztia alde batera uztea erabaki dugu; zuzenekoetan, gainera, kantu asko diskoan dauden moduan interpretatzea ezinezkoa da. Kantu zuzenagoak egiten saiatu gara.

Zelakoa izango da banaketa?

500 aleko tirada egingo dugu eta Bonberenea Ekintzek argitaratuko dute. Hasieran, Bi Batean Diskak diskotxearekin kaleratzeko asmoa genuen, baina arduraduna Londresera joan zen bizi izatera. Ostean, Bonbereneakoek eurekin argitaratzeko eskaini ziguten. Orain arteko diskoak eurekin egin ditugu eta interesa erakutsi zuten momentutik ez zen arazorik egon. Diskoak kontzertuetan eta Bonberenea Ekintzen webgunean egongo dira salgai.

Hemendik aurrerako planak?

Hurrengo urtean diskoa grabatu nahi dugu; horrenbestez, uda ostean lanean hasi beharko dugu. Ordura arte kontzertu gutxi emango ditugu; hala ere, irailean SCBrekin batera aurkezpen txukun bat egitea gustatuko litzaiguke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak