Hondakinen orotariko mahaia osatzeke, Gobernua eta Bergara Garbia hilaren 28an bilduko dira

Arritxu Barruso 2013ko mai. 16a, 22:00

Apirilaren 29an egindako osoko bilkuran hondakinen gaineko mahaia osatzeko proposamena egin zien Udal Gobernuak EAJ eta PSE-EEri, Bergara Garbia plataforma eta Bergara Zero Zabor taldearekin batera. Aste horretan bertan Bergara Garbia plataformako ordezkariekin batzekoa zen Gobernua eta bilera horretara gonbidatu zituen oposizioko alderdiak. Bergara Garbiarekin adostutako bilera hura azkenean bertan behera gelditu zen agenda arazoengatik. Bi aste pasatxo dira osoko bilkura egin zela eta Gobernuak osatu nahi duen orotariko mahaiak osatzeke jarraitzen du.

Udal Gobernua itxaropentsu
Gobernuko ordezkariak akordio batera iristeko itxaropentsu azaldu dira: "Beste herri batzuetan egin den moduan tasak eta helburuak adostu eta akordio batera iristeko itxaropena dugu. Beste herri batzuetan lortu badute guk zergatik ez? Helburuak finkatu eta adostea da garrantzitsuena. Gero definituko dugu guztion artean ze sistema erabili horretarako". Gaineratu dute gaia asko tenkatu dela eta Gobernuak ere esfortzu bat egin nahi duela erdi bideko konponbidea topatzeko: "Gaia asko tenkatu da. Alde bakoitzak bereari eutsi dio. Guretako borondatezko bosgarren edukiontzia ez zen aukera bat, baina ikusi dugu beste kasu batzuetan erdi bideko aukera bat lortu dutela. Uste dugu akordio batera iristeko esfortzuak mereziko duela, batez ere, herriaren mesedetan".

Bergara Garbiarekin bilera
Eragile guztiak batuko dituen bilerak ez du datarik oraindik, baina Bergara Garbia eta Udal Gobernua maiatzaren 28an batuko dira. Herri plataformatik azaldu dute Udalean aurkeztu zuten idatzian argi gelditzen zela "atez atekoaren kontra sortutako mugimendu eta adierazpen guztien inguruan hausnarketa bat egiteko bilera" eskatzen zutela. Hau da, Gobernuaren eta plataformaren arteko bilera: "Besterik ez dugu nahi oraingoz. Bilera horren ondoren ikusiko dugu eta hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu", azaldu dute. Horrez gain, Gobernuaren proposamena hedabideen bitartez ezagutu izana leporatu diote Gobernuari: "Eragile ezberdinekin egin behar genuen bileraren berri prentsak esanda jakin genuen, plenoan publikoki proposatu zutenean. Uste dugu gauzak ez direla horrela egiten. Zuzena, plenoan esan aurretik, guri proposatzea zen. Horregatik sortu da bileren nahaste-borraste hau".

EAJ bitariko bilera egiteko zain
Jeltzaleek baldintza bakarra ipini zuten Gobernuak proposatutako mahaian esertzeko: Udal Gobernuaren proposamena idatziz jasotzea. Bada, EAJko ordezkariek adierazi dute oraindik ez dutela Udal Gobernuaren abiapuntua ezagutzen: "Idatziz konbokatoria bidali ziguten eta lehenengo bilerarako metodologia eta eguna besterik ez. Eskatu genien beraien abiapuntua eta proposamena zein zen adierazteko eta garbiena bakoitzak bere proposamena mahai gainean jartzea zela. Egin diguten proposamen bakarra da 'Elgetako akordioan ba daudela zenbait puntu interesgarri', baina ez dakigu zein den puntu interesgarria: edukiontzi sistema, portzentaia edo herri galdeketa?".

Horrez gain adierazi dute Bergara Garbia plataforma eta Gobernua bildu arte itxaron nahi dutela: "Gure erantzuna izan da bilera egiten dutenean deitzeko zertan geratu diren jakin dezagun".

Jeltzaleek azaldu dute edukiontzi sistemaren aldeko apustuarekin jarraitzen dutela: "Gure proposamenak berdina izaten jarraitzen du: edukiontzien sistema, bosgarren edukiontzia organikoa jasotzeko eta herria benetan inplikatuko dadin pedagogia erabiltzea eta sistema aurrerakoiak bilatzea. Esaterako, txipa. Modu horretan gaika gehien biltzen duenak hobaria izan dezan".

PSE-EE bilera egiteko prest
Mari Carmen Barrenechea zinegotzi sozialista orotariko mahaian parte hartzeko prest azaldu da: "Bilera bat egitea positiboa dela uste dugu, beti ere adostasuna lortzen ahalegintzeko bada. Urte eta erdi daramagu arazo honekin eta krispazioa herritarrenganaino iritsi da, ikusi bestela poltsak balkoietan. Gobernuari eskatzen diogu hausnarketa bat egiteko eta beraien proposamena idatzi bidaltzeko adostasun batera iristen ahalegintzeko".

Zero Zabor: "Beharrezkoa da"
Bergarako Zero Zabor taldeak pozik hartu du Gobernuaren proposamena: "Txalotzen dugu Gobernuaren iniziatiba eta antolatutako hondakinen mahaia. Gune egokia dela deritzogu gai honen bueltan jarduteko. Ekin diezaiogun erronkari eta osatu dezagun lehenbailehen hondakinen mahaia; bergararrek eskertuko digute".

Gobernuaren "lehentasuna"
Udal Gobernuko ordezkariek adierazi dute hondakinen mahaia lehenbailehen ipini nahi dutela martxan eta "lehentasunezko" gaia dela. "Ez dugu nahi gaia gehiago atzeratzea. Bergara Garbia plataformarekin bilera egin ostean, gure helburua da lehenbailehen alderdi politikoekin batu eta hondakinen mahaia eratzea egoera desblokeatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak