Iñaki Anasagasti: "Imanol Bolinaga, txikikeriatan ibiltzen ez zen abertzalea"

Arritxu Barruso 2013ko mai. 17a, 12:00

Ezohiko kolaborazioa jaso dugu asteon: Iñaki Anasagastirena (EAJ). Imanol Bolinagari buruz idazteko eskatu diogu eta bi aldiz pentsatzeke erantzun dio gure eskariari. Gertutik ezagutu zuen Imanol Bolinaga, Bergarako alkate izandakoa. Aurreko astean hil zen, 80 urte zituela, eta hura gogoan beheko hitzak bidali dizkigu.

Iñaki Anasagastiren idatzia:

"Imanol Bolinaga Arrasaten jaio zen eta gainera Bergarako alkate izan zen. Baina gauza askoz gehiago ere izan zen. Turismo Sailburuordea, Eusko Jaurlaritzaren delegatu Bruselan, Eurobask-eko lehendakari, senatari, frankismoaren kontrakoa, baina batez ere, jelkide ona eta gizon duin eta printzipioduna.  Txileko garraio ministro ohiak, El Vasco Irureta-k esaten zuen moduan politikaren krisiaren jatorria bokazio izatetik profesio bihurtzea izan bazen, hori ez zihoan Imanolekin. EAJk Turkiara bidalia Neu Roz-a kurduekin ospatzeko, turkoek giltzapetu egin zuten, eta irtetea lortu zuen bakarrik kartzelariek Europako Kontseiluko agiria aurkitu ziotenean. Eta Turkia kanporatzeko arriskuan zegoenez, horrek salbatu egin zuen.  Esandakoa bermatzeko, hiru adibide emango ditut:

Kondekorazioari arbuioa

Beti eman didate atentzioa dela Espainiatik zein Frantziatik etorritako domina eman diezaieten gogoz dauden pertsonek. Mundu Gerraren ostean erresistentziako hainbat euskalduni eman zieten domina aliatuek. Hauek elkartu eta guzti horiek Agirre Lehendakariarentzat izango zen bakar batetan batu zitzaten eskatu zuten. Ezezko erantzuna jaso zuten eta duintasunez uko egin zioten ohoreari. Hala egin zuen Imanol Bolinagak.

2000ko martxoan izan zen. Abel Matutes ministroak jakinarazi zion Ministroen Kontseiluaren akordioz, eta berak proposatuta, Meritu Zibilaren Ordenarekin kondekoratuko zutela. Ez zuen bilatu, ezta arbuiatu ere.

Denborak aurrera eginda, Imanol Bolinagak deseroso sentitu zen bere burua inputatuta ikusi zenean Aznarren gobernuak zioen EAJren eta terrorismoaren arteko harremanarekin eta biktimekiko erabateko solidaritate faltarekin. Gutxi balitz, Ana de Palacio ministroak are gehiago borobildu zuen argumentua Nacional Review aldizkarian zera esanez: "Euskaldunen arazoa askatasun arazoa baino ez da. Euskal herritarrek erdia, beste erdiak eragiten duen izuaren mehatxupean bizi dira".

Zakarkeria horren aurrean –jazarpen estrategia oso bat hitzez adierazi baino ez zuen egin– Imanol Bolinagak itzuli egin zituen titulua eta intsigniak eta Palacio ministroari eskatu zion saria baliogabetzeko.

Martxoaren 29 hartan , hauteskundeak pasa eta hamabost egunetara eta Bolinagaren eskutitzaren ondorengo berrogeigarren egunean, ministroak idatzi zion bere burua zurituz eta horrelakorik esan ez zuela esanez. Azalpen hori martxoaren 11n egindakoaren desberdina zen. Orduan, barregarri gerarazi zuen Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua ETAren aurkako mozioa onartuta, ordurako ezagun baitzen Madrileko trenetan gertatutako sarraskiaren egilea Al Qaeda izan zela.

Imanol Bolinaga, Labegaraietako kiroldegiaren aurrean.

Txileren ostikoa

2000 eta 2004 urtera arteko Aznarren gehiengo absolutua itogarria izan zen. Helburu bakarra zuen: zaku berean sartzea nazionalismo instituzionala eta ETA.  Nazionalismo espainiarra bakarrik zen ona, Aznarren ahotan liberal aitortutako nazionalismoa. Berak baina, Europa eta Nazioarteko Demokrazia Kristauak onartua izan nahi zuen. Hau 1947an Chaudfontainen (Belgika) nazismoaren, faxismoaren eta eta frankismoaren aurka borrokatu eta hirugarren bide zentralistago eta federalago bat planteatzen zuten alderdiek sortu zuten. PPk ez zituen baldintzak betetzen eta Aguirre eta Landaburuk  elkarrekin sortu zuten klubean Aznar sartzearen kontra azaldu zen EAJ.

Momentu txar batetan Europako Alderdi Popularrak Berlusconi, Thatcher Andrea eta Aznar sartu zituen alderdian, azken hau Marcelino Orejaren bitartez. Egoeraren aurrean EAJk plataforma utzi zuen baina Nazioarteko Demokristauei atxikita jarraitu zuen. Hori onartezina zen Aznar mendekariarentzat eta Txiletik zuzenketa bat aurkeztu zuen; bertan klub horretako bazkide izateko bi afiliazioak mantentzea beharrezkoa zela jasotzen zen.

1996ko Aznarrek, CIU eta EAJrekin paktatu eta gobernua osatzea lortu zuenak, ez zuen zerikusirik  2000. urteko gehiengo absolutuaren Aznarrekin. 1999an eten genuen berarekin, ETAk tregua apurtu eta jardun armatuari ekin ostean. Pio Cabanillasek, Aznarren gobernuko bozeramaleak esan zuen, esaterako, ez bakarrik EAJk bat egiten zuela ETArekin helburuetan, bitartekoetan ere bai, eta PPren obsesio izan zen nazionalismoa berin biolentzia binomioa ezartzea.

Imanol Bolinagak eta Jose Mari Etxeberriak ausardiaz defendatu zuten gure adskripzioa, printzipioak, ideologia eta EAJren ibilbidea Democracia Cristianaren barruan, 2000 urtean Santiago de Txilen egindako Internacional Democrata Cristianaren kongresuan. Han, PPk estatutuei emendakina aurkeztu zuen, Europako PPren kide izan ezean, Internacional-eko kide ezin izateko. Logikoki, emendakinak aurrera egin zuen. Aznar Espainiako gobernuko presidentea zen eta interesek agindu egiten zuten. "Kanpotik etorriko da etxetik botako zaituena". Eta joan egin ginen. Laguntza eta errespetu mezuak jaso genituen, hamaika besarkada, gutun asko eta kritika asko PPkoei, zeintzuek argumentatu egiten zuten gure lotura ETAren ingurunearekin. Zitalkeria hutsa. Baina halaxe izan zen. Zorionez, Bolik lagundu egin zigun, beti egiten zuen moduan, baina zikinkeria hura gauzatu egin zen. Bolik ohorez gorde zuen bandera eta atriletik honela bukatu zuen: "Luze iraun dezala Democracia Cristiana-K! Gora Euzkadi Askatuta!".

Heriotza-zigorra indargabetzea

Boli oso kritikoa zen Senatuak ezertarako balio ez zuela ziotenekin. "Nik nire partiduaren ordezkaritzarekin Kode Penal eta Militarretik heriotza-zigorra kentzea lortu dut. Eta nire lana oso serio betetzen dut".

1994an gertatu zen. Imanol Bolinagak interpelazioa bat aurkeztu zuen talde parlamentario guztien babesarekin eta Gobernu sozialistaren deserosotasunarekin; militarren presioengatik ez zuen aldaketarik nahi.

Interpelazioaren alde, EAJko senatari moduan Imanol Bolinagak bizitzeko "eskubide besterenezina" defendatzeko beharra azpimarratu zuen, baita gerra garaian ere. eta adierazi zuen gure alderdiak lanean segituko zuela Kode Penal Militarra eta Konstituzioaren testu zati bat aldatzea lortu arte, non heriotza-zigorraren aukera zabaltzen zen Kode horretarako.

Horretarako, Bolinagak udalbatzari jakinarazi zion EAJko Senatuko taldeak mozio bat aurkeztu behar zuela aldaketa horiek jasotzeko, baina osoko bilkura amaitzean, eta haren proposamenak izan zuen erantzuna ikusita, esan zuen lege-proposamena aurkeztea aztertuko zuela, Gobernua behartzeko, lege-proposamenak indar handiagoa izango zuelakoan mozio batek baino.

Imanolek gogora ekarri zuen heriotza zigorra abolitua izan zela kasu guztietan, herrialde askotan, zigor moduan alferrikakoa zelako eta, gainera, krudela eta ankerra zelako.

Defentsa-ministerioko buru Julian Garcia Vargasek heriotza-zigorra mantentzeko beharra defendatu zuen; uste zuen hobeto zela beldurra eragin zezakeen zigorra mantentzea gertakari oso larriak zigortzeko, gerra egoeran "nazioaren existentzia bera arriskuan" jar zezaketen gertakari larriak. Gehitu zuen, ordenamendu juridiko espainolean nahikoa berme zegoela heriotza zigorra gerra denboran, soilik egoera muturrekoetan aplikatzeko eta, era berean, gogora ekarri zuen Kristau-ikasbide Berriak ez zuela baztertzen zigor hori egoera larrienetan. Halere, eta Bolinagari esker, ministroa zentzatu zen eta zigor gorena baliogabetu egin zen.  Dena dela, eta Bolinagari esker, ministroa arrastoan sartu zen eta heriotza-zigorra bertan behera gelditu zen.

Eta azalpen biografiko hau amaitzeko umore apur bat. Madrideko Operaren inauguraziora gonbidatu gintuzten. Smonking-a eramatea beharrezkoa zen, baina ez nik ezta Zubiak ere ez genuen jantzi; bai Bolinagak. Berak zeukan plantarekin dotore asko zegoen eta barre egiten zigun baserritar batzuk ginela esanez. Hotel batean elkartu ginen, eta bapatean emakume batek Coca Cola bat eskatu zion zerbitzari batekin nahastuta. "Arrazoia izango duzue oraindik ere".

Gorputza eta arima aritzen zen generazio bat ari zaigu joaten, eskuzabaltasunak, giza kalitateak eta gure herria sentitzeko moduak berezi egiten zituenak. Okerrena da ez dutela idatzita ezer utzi eta badirudi belaunaldi berriei ez zaiela interesatzen jakitea nola lortu dugun gaur egun daukaguna. Pena bat.

Bere eskelan familiak idatzi du: "Aita eta aitona ezin hobea". Egia da.

Seguru nago orain bere lagun bergarar Jokin Inza, Josu Oregi, Monzon eta besteekin egongo dela eta gainera seguru ariko dela esaten kontuak kontu Bergarak munduko hiriburua izaten jarraitzen duela eta Aznarrek demokristianismotik ez duela ezer. G.B. Imanol, Boli maitea. Luxu bat. Benetako gizona".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak