Eneko Lizarralde: "Taldeko ziklista gazteena izanda, nire lekua topatu behar dut oraindik"

Mireia Bikuña 2013ko mai. 15a, 02:00

Eneko Lizarralde (Bergara, 1993) Eki Sport Gipuzkoa taldeko txirrindularia da. Bigarren urtez dihardu amateur mailan. Zapatura arte Bidasoako Itzulian egon da, eta, etorkizunerako planak egin aurretik, ziklismoa eta ikasketak bateratu behar ditu: Industria Antolakuntzako Ingeniaritza ikasten dihardu Arrasaten.

Bidasoko Itzulia bukatu berri duzu. Zer moduz ibili zara?

Lehenengo itzulian zulaketa bat izan nuen eta sailkapen orokorrerako aukera guztiak galdu nituen. Hirugarren etapa ihesaldian egon nintzen. Ihesaldia bukatuta taldearendako lana egin genuen. Baina, taldeak, oro har lan ona egin du. Etapa bat irabazi dugu eta sailkapen orokorra irabazteko lehian egon ginen azken egunera arte. Zoritxarrez ez genuen lortu. Dena den, lan ona egin dugula esango nuke. Gustura gaude.

Bigarren urtez diharduzu amateur mailan. Iaz Debabarrenan eta aurten Eki Sport Gipuzkoan. Zer moduz doa denboraldia?

Nahiko ondo. Taldeko ziklista gazteena naiz. Asko ikasi beharra daukat oraindik, eta badakit lasterketak irabaztea zaila izango dela. Dena den, pare bat probatan zorte txarra izan dut. Lazkaon zortziko talde bat heldu ginen azken esprintera, baina aurreko ziklistarekin traba egin eta ia erorikoa izan nuen.

Iaztik izandako bilakaerarekin oso pozik nago. Hobekuntza handia sumatu dut, eta lasterketa gehienetan lehenengo 30 ziklisten artean heldu naiz helmugara. Gainera, Euskalduna Sariko bigarrena naiz, oraingoz.

Zertan nabaritu duzu hobekuntza hori?

Gazte mailatik amateurrerako aldaketa handia da: lasterketen luzera, talde eta dinamika aldaketa... Gainera, iaz, lesio bat izan nuen eta hark baldintzatu zidan denboraldia. Esperientzia hartu dudala esango nuke.

Talde aldaketa motibazio estra izan da. Gazteena izanda, nire lekua topatu behar dut oraindik, eta, horretarako, etengabe hobetu beharra daukat. Neguan ordu asko eman ditut gimnasioan: hiru egun astero. Pisua mantendu eta hankak asko indartu ditut. Neguko lanaren emaitzak errepidean ikusten ditut orain. Gustura nago.

Eki Sport taldeko ziklista gazteena izanda, zein da zure lana?

Taldeko ziklistok ez daukagu zeregin zehatzik. Unean uneko sasoi puntuaren araberako lana egiten dugu. Adibidez, Espainiako Kopako proba batean Mitxelena taldekidea bosgarren sailkatu zen eta harendako lan egitea egokitu zitzaidan. 

Taldeko zuzendariek esan didate garaipenetan ez pentsatzeko, ikasi egin behar dudala. Espainiako Kopako probak onak dira ikasteko. Profesionalen egunerokotasunetik oso gertu egoten gara horietan: kontzentrazioak, bidaiak, egonaldiak hoteletan... Jon Odriozola zuzendariak esaten digu txirrindulari bat ez dela egiten etxe inguruko probetan bakarrik parte hartzen badu. Euskal Herriko proba guztiak modu berean korritzen dira.

Zeintzuk dira ezaugarriak txirrindulari moduan?

Todoterrenoa naizela esango nuke, baina erlojupekoan moldatzen naiz ondoen. 1,85 metroko garaiera daukat, eta aldapa gora nahiago ditut mendate luzeak. Erritmoa mantendu beharreko horietan gustura egoten naiz. Adibidez, Gorlan. Mendate leherkorretan, Deskargan, ez naiz gai erritmo aldaketei aurre egiteko.

Liderra izateko, ziklista todoterrenoa izatea ezinbestekoa da.

Duda barik. Ziklismoaren arlo guztiak menderatzea komeni da: erlojuaren kontra, aldapa gora, aldapa behera, esprintean... Alberto Contador bezalako liderra izateko, lasterketa batek sorrarazten dituen egoera guztiak menderatzea ezinbestekoa da. Baina ez da erraza arlo guztietan ona izatea.

Txirrindularitza, batetik; eta ikasketak, bestetik. Nola antolatzen duzu agenda?

Ziklismoak emandakoarekin bizi izatea oso zaila da, profesionaletara heltzea zaila den heinean. Horregatik, ikasketak ezinbestekoak dira. Industria Antolakuntzako Ingeniaritzako bigarren urtea egiten dihardut. Ziklismoa eta ikasketak antolatzea ez da erraza. Txirrindularitzak diziplina eskatzen du eta ikasketek ere bai. Baina, askotan esaten dudan moduan, antolaketa kontua da: unibertsitatera joan aurretik entrenamendu saioa egin; egun osoa eskolak hartzen egon; eta etxera heltzean, afaldu eta ohera. Ziklismoan aurrera egiteko ilusioa daukat, eta ikasketak beharrezkoak dira. Hortaz...

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Ziklismoarekin noraino heldu ahal naizen ikusi beharko dut lehenengo. 23-24 urterekin non nagoen ikusi, eta orduan erabaki beharko dut.

Ziklismoa egiteko eta, pentsatzen dut, ikusteko ere bai.

Bai. Telebistan, sare sozialetan... Edozein bide da ona ziklismoa ikusteko. Eskolak arratsaldean ditut. Hori horrela, ezin ditut Italiako Giroko etapak ikusi [Barre]. 

Italiako Giroa aipatu duzula, gustuko duzu lasterketa hori?

Nire ustez, etapaka egiten diren hiru probatatik politena da. Edozer gauza gerta liteke. Aurretik somatu ezin daitezken egoerak sor daitezke, berdin da hirugarren etapa izan edo azken-aurrekoa. Adibidez, Frantziako Tourrean, lasterketa asko kontrolatzen dute, hasieratik bukaerara. Ezuste gutxi egoten da han.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak