Lauzpabost auzo-konposta gune gehiago egingo ditu Bergarako Udalak

Arritxu Barruso 2013ko mai. 10a, 16:32

"Hondakin organikoa da zabortegietan eta hondakinen kudeaketan arazo gehien ematen duena. Hori horrela, auzo-konposta guneekin lortu nahi duguna da ahalik eta hondakin organiko gehien ziklotik ateratzea. Hori da gure apustu sendoa", adierazi du Arianne Kareaga zinegotziak. Labegaraietakoa izan zen Bergarako lehenengo auzo-konposta gunea, baina Udala dagoeneko ari da hurrengoak prestatzen.

Bergaran, oraingoz, 130 familiek eman dute auzo-konposta egiteko izena. Badirudi hurrengo gunea Ikerleku kalekoa izango dela eta maiatzaren bukaeran hasiko dira berau antolatzen: "28 familiek eman dute izena. Pentekoste jaien ostean bizilagunekin harremanetan ipiniko gara. Formazioa eskainiko zaie eta zeinek zein kubo erabili antolatuko dugu".

Osintxukoa ere berehala ipiniko dute martxan eta Bolun eta Espaloian ere egokituko dira guneak. Aipatutako horiez gain, herritarren eskaerak jaso ahala gune gehiago egiteko aukera aztertzen joango da Udala.

Labegaraietan pozik
Labegaraietako bizilagunak oso pozik daude auzo-konposta gunearen funtzionamenduarekin. Bost hilabete dira martxan jarri zela eta hamabi familiek erabiltzen dute. "Oso pozik gaude. Teknikariek esan digute konposta ona lortzen ari garela. Gainera ikaragarria da nola jaisten den zabor kopurua etxean", kontatu digu Iñaki Mujikak. Pasa den eguaztenean lehenengo konposta atera zuten eta bizilagunek elkarrekin daukaten ortura eraman ahal izan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak