Hitzordurako zehaztuta zeuden hamabi puntuak nahiko azkar egin zuten aurrera atzo Bergarako udalbatzak egindako osoko bilkuran. Azken aldian ohikoa den moduan, hondakinen kudeaketaren gaiak eragin zuen eztabaida gehien eskaera eta galderen tartean. EAJk idatzi bat aurkeztu zuen alkateari hainbat galdera eginez. Horietako batean azalpenak eskatzen zizkion Debagoieneko Mankomunitatean, hondakinen kudeaketarekin lotuta, errekurrituta dagoen adjudikazio baten inguruan.
Maren Belastegi zinegotziak eman zuen erantzuna. Haren azalpenaren arabera, Mankomunitateak, otsailaren 26ean, CESPA enpresari eman zion hondakinan bildu eta garraiatzeko kontratua. Bada, URBASER enpresak, martxoaren 21ean, erabakia errekurritu egin zuen. Errekurtsoa, orain, Euskal Herriko Kontratu Baliabideetako Administrazio ari da aztertzen eta Belastegiren hitzetan beranduenez hiru edo lau hilabeteren buruan jakingo da administrazio horren erabakia. Hau da, uztaila inguruan. Udal Gobernuak garbi utzi nahi izan zuen bilketa eta garraio zerbitzuaren lizitazioa dagoela geldik, baina hondakinen kudeaketarekin lotutako gainontzeko lehiaketek aurrera jarraitzen dutela.
EAJko bozeramaile Aintzane Oiarbide ez zen gustura gelditu Udal Gobernu taldearen erantzunarekin. Eurak horrela eskatu arren, alkateak beharrean, Belastegi zinegotziak eman zuelako erantzuna. "Gu alkatearengana zuzendu gara, bera izan zelako hedabideen aurrean Bergaran atez atekoa martxan ipiniko zela adierazi zuela duela urte eta piku". Horrez gain, jeltzalearen esanetan zehaztasun gabeko erantzuna izan zen: "Ez digute zehazki erantzun. Orain arte ezkutuan izan duten gai bat izan da, beste gai asko bezala, eta errekurtsoaren inguruan ez digute azaldu zergatik gertatu den. Gainera, behin eta berriz galdetu behar izan dugu prozesua geldik dagoen".
Mahaiaren bueltan esertzeko proposamena
EAJk bilkuran aurkeztutako idatzian, bestetik, alkateari galdetzean zioten ea "Legazpin egindako galdeketa Bergaran egiteko zain zegoen" erabakiren bat hartzeko eta herriari kasu egiteko. Kasu honetan, Ariane Kareaga zinegotziak hartu zuen hitza. Udal Gobernuaren izenean udalbatzako alderdi guztiak gonbidatu zituen Gobernuko ordezkariek eguenean Bergara Garbiarekin izango duten bilerara. Mahai baten bueltan eseri, gaiaren inguruan elkarrekin hausnartu eta adostasun batera iristeko ahalegina egitea ezinbestekoa dela azaldu zuen Kareagak. Bergara Zero Zabor taldea ere gonbidatuko dute bilerara.
Oiarbidek adierazi zuen jeltzaleek beti izan dutela "adostasun politikoetara iristeko kultura" eta orain ere horretarako prest daudela, baina gaineratu zuen gonbidapena berandu datorrela. Oiarbidek azaldu zuen urte eta pikuko “indiferentziaren” ostean ez dutela ulertzen orain hausnarketarako eta adostasunerako Gobernuaren deia. “Hitzak dagoeneko ez dutela balio” gaineratu zuen. Horregatik jeltzaleek Udal Gobernuari eskatu diote hondakinen kudeaketaren gainean Gobernuak duen proposamena idatziz bidaltzeko eta horren arabera erabakiko dutela bilera horretan parte hartu edo ez.
Alkateak esan moduan, bilera, egunean, maiatzaren bian izango da 10:00. Ikusi egin behar orain zenbat eragile eta alderdi politiko batzen diren mahaiaren bueltan.
Atzoko osoko bilkuran hainbat herritar izan ziren eta horietako batzuk hitzak hartu zuten. Gehienek alderdi politikoak adostasunera iristeko beharra azpimarratu zuten.