Bergarako hegaztiak ezagutzeko asteburua prestatu dute

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko apirilaren 30a

Bergarako Udalak eta Pol-Pol Mendi Taldeko Mendia Bizirik taldeak antolatu dute. Ekitaldiok maiatzaren 4an eta 5ean izango dira. 

Hain zuzen ere,maiatzaren 4an, zapatua, Bergarako Hegaztiak delako kafe-hitzaldi-solasaldia egongo da Kiko Alvarez ornitologo bergararrarekin. Pol-Pol Mendi Taldeak Udal pilotalekuan duen egoitzan izango da, 18:00etan.

Maiatzaaren 5ean, domeka, berriz hegaztiak ezagutzeko irteera egongo da, Bergarako Gerriko Berdean zehar. Gidaria Mikel Olano izango da, hegaztien identifikazioan aditua. 09:00etan abiatuko dira, San Martin plazatik. Nahiz eta behaketa, batez ere, entzumenean oinarritzen den, komenigarria da prismatikoak eramatea.

Hegaztien inbentarioa eginda dago

Agenda 21aren testuinguruan, udalerriko biodibertsitatea ezagutzeko inbentarioak egin zituen Bergarako Udalak 2006-2010 urteen artean. Kiko Alvarezek eta Mikel Olanok hegaztien inbentarioa egin zuten eta horren berri emateko eta bide batez, Bergara hobeto ezagutzeko eta beste era batera gozatzeko, antolatu dute Bergarako hegaztiak ezagutzeko asteburua.

Behaketa hedatu nahi dute

Hegaztien inbentarioa egitea ezinbestekoa da ingurumena babesten duen legedia bete ahal izateko. Baina gainera, hegaztien behaketa Europan oso zabalduta dagoen aisialdi jarduera da, milaka zaletu dituena. Hegaztien behaketa edo birdwatching-a gozatzeko prismatikoak, entzumen arreta eta hegaztien gida bat dira oinarrizko premiak. Eta ezagutza hori da hain zuzen ere maiatzaren 4an eta 5ean zabaltzen hasi nahi duguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak