Bergarako jeltzaleen esanetan, iritsi da garaia erabaki bat hartu eta erantzun bat emateko herriari.
Herriko hondakinak batzeko orain bi aste aurkeztutako proposamena "adostutako sistema moduan saldu" izana egotzi dio Udal Gobernu Taldeari, eta Bilduk "bere inposizioarekin" jarraitzen duela salatu: "Adostua izatetik urrun, Bergarako herriak bere desadostasuna azaldu du, sinadurekin, balkoietan zintzilikatutako zabor poltsekin eta manifestazioarekin. Bilduk bere inposizioarekin jarraitzen du".
"Atez atekoaren bilketa errekurrituta"
Bergarako jeltzaleek esan dute, gainera, errekurtso bat tarteko, bailara osoan atez atekoarekin lotutako plan guztiak geldirik daudela: "Bildu isilik dago azken asteetan, baina ez gogoeta egiten ari delako, bilketarako lehiaketa adjudikazioa errekurrituta dagoelako baizik. Lehiaketara aurkeztutako enpresa batek errekurritu egin du adjudikazio hori eta, ondorioz, atez atekoaren planak geldituta daude, behartu egin dituztelako", esan du Aintzane Oiarbide jeltzaleak.
Mankomunitatean galdetuta, azaldu digute momentuz ez dutela ezer esateko, baina Bergarako EAJk balizko momentu hori aprobetxatu eta gogoeta egiteko eskatu dio Bildu-Aralar Udal Gobernu Taldeari.
"Elgetan lortutako adostasuna da bidea"
Martitzenean Elgetan hartutako erabakiari erreferentzia eginez, bailara honetan gauzak beste modu batean egitea posible dela ere adierazi du eta akordioak lortzeko garaia dela gaineratu. Hori da bidea, Bergarako EAJren esanetan.
Astelehenean osoko bilkura egingo dute Bergaran eta gaur, eguena, hedabideen aurrean plazaratutako galdera hauek egin asmo dizkiote jeltzaleek alkateari.