"Murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko" konpromisoa berretsi dute Berdegara Egunean

Arritxu Barruso 2013ko apirilaren 21a

Berdegara ekimeneko antolatzaileak oso pozik gelditu dira Berdegara Egunak emandakoarekin. "Oso pozik gaude. Jende asko irten da kalera eta hori da nahi genuena. Irala kalean antolatutako ekintzek sekulako arrakasta izan dute eta parte-hartzea handia izan da. Amaierako ekitaldia ere polita izan da", adierazi du Berdegarako Mireia Lizarraldek ekitaldi nagusia amaitu ostean. 

"Errauskailuari ez"

Munibe plazako ekitaldiarekin amaitu da Berdegara Eguna eta bertan, besteak beste, murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeko konpromisoa berretsi dute: "Hemen gara berriro ere eta konpromiso batzuk hartzera etorri gara. Etorkizun jasangarriago bat sortzeko konpromisoa, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik", adierazi dute. 

Errauskailuari argi eta garbi esan nahi izan diote ezetz. Hori irudikatzeko kartoiz egindako erraiskailu handi bat lurrera bota dute herritar talde batek lagunduta. "Handia izan arren, indarrez eta lanez errauskailua ere bota daitekeela ikusi duzue. Eta hori baino hobea litzateke eraiki ere ez egitea", azaldu zuten.

Ekitaldia musikarekin amaitu dute. Lehenengo Aitzol Gandiaga eta Akaitz Aranberri igo dira taula gainera eta ondoren Azkaiter Peloxen txanda izan da. Kasu honetan Gaizka Azkarate eta Darragh Oneillekin igo da taula gainera eta errauskailuaren aurkako abesti bat jo dute.

Hiru gune 

Murriztu, berrerabili, birziklatu. Aire garbiak bira nazan: erraustegirik ez da Berdegara Egunerako aukeratutako leloa. Ekintzak hiru gunetan banatu dituzte; Irala kalea ume eta gazteen gunea izan da (18:30-19:30); San Martin plaza artisten gunea (19:30-20:30) eta Munibe plazan gune nagusia egon da (20:30-22:00).  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak