Bergara Garbiak bergarar guztiak eskertu eta zoriondu nahi izan ditu "manifestazioan erakutsitako zibismoagatik"

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko apirilaren 18a

Orain, plataformakoek alkatetzaren pauso bat espero dutela esan dute, eurekin batera aurrean duten auzia eztabaidatu eta konpontzeko bidean jartzeko.

"Bergara Garbia plataformak eskerrak ematea eta zoriontzea nahi du bergarar guztioi atez atekoaren kontrako manifestazioan erakutsitako zibismoagatik". Hitz horiekin hasi du gaur goizean prentsaurrekoa Bergara Garbia plataformako kide Juan Luis Bikuñak. Eta gaineratu du plataformakoek pentsatzen dutela horrelako manifestazio "handia" ikusi eta gero, hausnarketa "serio" bat egiteko momentua iritsi dela, Bergarak merezi duen hondakin bilketaren inguruan.

Horretarako, euren ustetan behintzat, alkatetzak nolabait mugimenduren bat egin beharko luke gogoeta hori guztien artean egiteko. "Bergarak, bergarar gehiengoak, argi eta garbi esan zuen manifestazioan zer nahi duen; eta lehenago, milaka firmen bitartez eta etxeetako lehio edo balkoietan jarritako zabor poltsekin jarraitzen du esaten, badagoela sistema on bat zaborrak bildu eta tratamendua emateko" esan du Bikuñak.

Kasu honetan, alkatetzak ezin duela alde batera begiratu esan dute eta alkatetzaren pauso bat espero dutela azaldu dute. "Plataformakoek, bergarar gehientsuenak, alkatetzaren pauso bat espero dugu, gurekin batera aurrean dugun auzia eztabaidatu eta konpontzerako bidean jartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak