Osintxuko haur-etxea, bizitzako aurreneko urteak igarotzeko habia

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko api. 17a, 02:00

Etxeko goxotasunean zaintzen ditu Osintxun Olatz Azkondok auzoko lau ume. Haur-etxea deitutako proiektuaren baitan ireki zituen bere etxeko ateak haurrak zaintzeko. Bizilekua egokitu behar izan zuen horretarako, zituenak baino ipuin eta jostailu gehiagorekin hornituz, esaterako. "Enpresa bat etorri zen laguntzera, eta haurrak bertan egoteko segurtasun neurri guztiak ezarri zituzten, izkinak material bigunarekin estaliz eta abar". 

Gainera, etxea bitan banatu eta familiaren erabilerarako bakarrik ez, haurren zaintzara bideratu zuen dituen bi komunetatik bat, logela bat, bai eta sukaldea ere, esaterako. Dena, umeak eroso sentiarazi eta behar zein merezi duten arreta eskaintzeko. "Etxean egongo balira bezala sentiarazten diegu".

Lau ume zaintzen ditu Azkondok, eta normalean dena ongi joan arren, noizean behin gauzak aldrebesten dira Osintxuko habian. "Denak batera negar egiten dutenean, esaterako! Baina lasaitasuna mantentzen ikasten dugu eta hor amaitzen da arazoa".

Lehenengo urteak etxean 

Haurraren lehenengo urteetan etxean bertan hazteko aukera ematen du Haur-etxeak; beti hezitzaile berdinarekin eta modu pertsonalizatuan. Hala azaldu du ekimeneko Gipuzkoako ordezkari Gloria Arantzabalek ere: "Zaintzaileak umearekin duen hartu-eman bakoitza bakarra da. Hamar bider aldatu behar zaiola pixoihala? Aldi bakoitza une berezia izango da, bai zaintzaile eta baita neska-mutikoarentzako ere". 

Duela 50 urte bizitzako lehendabiziko urteak etxean egiten zituen haurrak. "Gero emakumea etxetik kanpo hasi zen lanean eta hirugarren baten laguntza behar izaten zuten aita-amek beraien txikiak zaintzeko". Haurrari ezarritako erritmoa bizkortu egin zela adierazi du Arantzabalek, eta habietan lehengo joeretara itzultzeko aukera dagoela gaineratu du: "Umeak pixoihala uzteko prest dagoenean, berak esango du helduek bezala joan gura duela komunera". 

Jarraipena lanari 

Haur-etxearen sarea Bizkaia, Araba eta Gipuzkoara hedatzen da; azken horretan bi bakarrik daude martxan gaur egun eta horietariko bat da Osintxukoa. Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibak bultzatuta eta Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Sailaren babesa daukan ekimena da. "Ez da soilik dirulaguntza ematen digula, jarraipen lan bat ere egiten du". 

Lanbidek ziurtatutako pertsonak dira umea zaintzen dituztenak, eta gainera, 250 ordu inguru irauten duen ikastaro bat egina dute. "Formazio hilabete biziak dira, asko ikasten dute, materia asko dago". Baina ez da hor geratzen zaintzailearen prestakuntza, izan ere etengabeko ikaskuntza eskatzen duen lanbidea da eta jarduteko moduari ere jarraipena egiten zaio. Hamabostean behin elkartzen dira Gipuzkoako zaintzaileak, "gure lanaren berri eman eta gauza berriak ikasiz". 

Hala, gurasoek lasai asko eramaten dituzte haurrak habietara, "ez dago mesfidantzarik". Horren erakusgarria da, konfiantza osoz uzten dituela urtarrila ezkero Mikel Tabaresek bere seme-alabak Olatz Azkondorenean. 

"Etxean bezala sentiarazten ditu haurrak Olatzek, oso tratu pertsonala ematen baitu, baina ez bakarrik haurrei, baita guri ere". Zaintzaileak ere, horixe azpimarratzen du: "Familiarekin sekula pentsatuko ez nukeen harremana sortu da".

-----------------

Olatz Azkondo (zaintzailea): "Aurreneko 15 egunak dira gogorrenak, umea egoerara egokitu arte"

Olatz Azkondok iraila ezkero dauka martxan habia Osintxuko etxean.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten? Primerakoa. Haur batekin hasi nintzen eta orain lau zaintzen ditut. Lehenengo hamabost egunak izaten dira gogorrenak, umeak ez bainau ezagutzen eta egokitu egin behar gara bata besteari, baina ondoren, dena bikain joaten da. Oso pozik nago esperientziarekin.

Nola animatu zinen etxean habia ipintzera? Lagun baten bitartez jakin nuen Eusko Jaurlaritzak aukera emante zuela proiektua martxan ipintzeko eta langabezian nengoenez, interesa piztu zitzaidan. Hitzaldi batetara joan eta ikastaroan izena ematera animatu nintzen, hartu egin ninduten eta beharrezko egokitzapenak eginda, irailean ireki nituen etxeko ateak. 

Zer ematen dizu zaintzaile izateak? Harreman bereziak sortzen dira, eta horrek asebetetzen nau. Gainera etxean lan egiterakoan, nire seme nagusiak ere laguntzen dit; zortzi urte ditu, gainerakoekin jolasean aritzen da eta primeran etorri zaio baloreak barneratzeko.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak