Gipuzkoa mailako batzarra egin zenuten joan den zapatuan Bergaran. Zer moduz?
Gipuzkoako Equoren ohiko batzarra izan zen. Alderdiaren gaineko kontuak eta ingurumenarekin lotutakoak aztertu genituen.
Equo alderdi bat da?
Bai; fundazio bat ere badaukagu, baina alderdia da. Duela urte bi sortu genuen hainbat pertsona independentek eta 35 alderdi berde eta ekologistak; horien artean dago, esaterako, Euskadiko Berdeak. 2011ko azaroan egin genuen estreinaldia Espainiako hauteskundeetan eta 215.000 boto lortu genituen. Eusko Legebiltzarrera ere aurkeztu ginen eta Araban eserlekua lortzetik gertu izan ginen: %3ko ordezkaritza lortu genuen. Sortu berria den eta gora doan alderdia da.
Fundazioa ere baduzuela diozue. Zein da haren egitekoa?
Hainbat ekimen antolatzen ditu, berbaldiak-eta. Fundazioak oinarri teorikoa ematen dio gure oinarri ideologiari, ekologia politikoari. Bestetik, alderdiak baditu 16.000 zale eta horietatik 2.000 dira kideak, kuota ordaintzen dutenak. Alderdia eta ekimenak finantzatzeko ez diegu eskatuko dirurik banketxeei.
Sorrerako helburuak betetzen diharduzue?
Prozesu geldo eta konplexua da, baina Espainiako hauteskundeetan 215.000 boto lortzea arrakasta handia da. Hauteskunde Lege injustu eta desproportzionatu honek kalte egiten digu, baina gure helburua da erakundeetan sartzea. Poliki goaz, urrun heldu nahi dugulako.
Espainiako hauteskundeetan ez zenituzten emaitza hobeak espero?
Bai; Madrilen, esaterako, ordezkaritza lortzea espero genuen, baina ez genuen lortu gutxigatik eta etsipen modukoa izan guretako. Orain Europako hauteskundeetara begira jarrita gaude. Guretako egokiak dira, Europako Berdeen alderdikoak gara-eta.
Hauteskunde emaitzak alde batera utzita, gustura zaudete orain arte egindakoarekin?
Alderdiekiko urruntze bat sumatzen dugu jendartearen aldetik. Alderdiak nukleo itxiak bezala ikusten dituzte hiritarrek eta guk politika hiritarrendako errekuperatu nahi dugu, parte hartzea bultzatuz. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakusten ari gara: zerrenda irekiekin, hauteskunde primarioekin, sarea erabiliz erabakiak hartzeko… Gauzak beste era batera egitea eskatzen dute hiritarrek eta sakoneko edo edukizko kontuez gain, formari ere garrantzia ematen diote hiritarrek. Horregatik uste dugu asko daukagula irabazteko.
Ze antolaketa modu daukazue?
Gure egitura ez da hierarkikoa, nahiko horizontala da; ez daukagu idazkari nagusi edo presidenterik eta paritarioa da. Esaterako, Batzorde Federalean bi bozeramaile gaude: Reyes Montiel eta ni neu.
Hego Euskal Herrian, eta oro har, lurralde guztietan egituratuta zaudete?
Bai, bai. Lau lurraldeetan. Oraindik, ezagutzera emateko garaian gaude, halere.
Zer dauka eskaintzeko Equok dagoeneko gaur egungo alderdiek eskaintzen ez dutena?
Ezberdinak gara. Politika egiten dugu eta erakundeetan egoteari ez diogu uko egiten. Horretan ezberdintzen gara beste talde ekologistetatik. Eta ohiko alderdiekin alderatuta, antolaketa ezberdina daukagu eta Europako Alderdi Berdeari batuta gaude. Bestalde, Konstituzioaren aldaketa edota birsortze demokratikoa bultzatu nahi ditugu.
Ezkerreko alderdia da?
Ezkerra eta eskuma kontzeptuak geroago eta zalantzazkoagoak dira. Eredu ekonomiko eta sozialari dagokionean bai esan genezake ezkerrekoak garela.
Eta zertan ezberdintzen da, batik bat, ezkerreko edo berdeak diren beste alderdi batzuetatik?
Equo sortu dugu ulertzen dugulako politika egiteko beste modu batzuk badirela eta ekologia politikoa lehen lerroan jarri nahi dugulako. Hemen, orain arte, ez da gorpuztu alderdi berderik. Eta uste dugu beharrezkoa dela, ze, esaterako, higiezinen aparra ez litzateke izango izan dena, alderdi berde indartsu bat egon izan balitz. Guretako lehentasunezkoa da ekologia politikoa; beste alderdi batzuendako ez.
Zein da Equoren lehentasuna?
Eredu politikoaren aldaketa: benetako demokraziaren hasiera. Horregatik eskatzen dugu Konstituzioaren aldaketa. Txiki geratu da, jendarteak azken 30 urteotan izan duen bilakaera kontuan izanda. Arrazoi ezberdinak tarteko, hiritarren zati handi bat ez dago gustura Konstituzio honen barruan.
Zergatik erabaki zenuen Greanpace-tik Equora jauzi egitea?
10 urte neramatzan Greenpeace-ren zuzendaritzan eta uste nuen bazela garaia beste batzuei bide emateko. Bestetik, ni bezalako beste batzuek ere uste zuten ekologiak ez zeukala behar zuen tokia politikan. Hala hasi ginen Equon.
Europako herrialde aurreratuenetan badute indarra eta eragina alderdi berdeek. Hemen gutxiago. Zergatik?
Hainbat arrazoi daude. Batetik, hemen, ekologismoa oso mugatua edo sektoriala izan da eta ez da ulertu Europan bezala, alternatiba oso moduan: alde sozialetik, ekonomikotik, herri antolakuntzatik edo industrialetik begiratuta. Ez gara gauza izan ikuspegi hori gizarteratzeko eta animalia edo naturaren babesle moduan ikusiak izan gara soilik. Atomizazioak ere ez du asko lagundu. Horrek guztiak ez du lagundu epe luzeko proiektua gauzatzen.
Jendartean, ohiko alderdien agendetan, ingurumenarekiko eta ekologiarekiko geroago eta kontzientzia handiagoa ikusten duzu?
Uste dut atzera goazela. Alderdiek hauteskunde sasoian bakarrik hartzen dute kontuan ingurumena. Eta hauteskunde programetan apaingarri gisa jartzen dute. Baina ez da lehentasunezkoa inoiz: ekonomia ondo doanean ez da tokatzen eta gauza bera txarto doanean, txarto doalako. Atzera goaz mendi edo baso publikoen pribatizazioarekin, Itsasertzen Legearekin… Horregatik da gaur inoiz baino beharrezkoagoa aukera berdea.
Eta jendartean sumatzen duzu ingurumenarekiko sentiberatasunik?
Paradoxikoa da, ze, oro har, jendartean zabaldu da krisian gaudenez, ingurumen kontuak bigarren maila batean utzi behar direla. Eta justu alderantziz da: krisi ekonomikotik aterako gara krisi ekologikotik ateratzen bagara.
Besteak beste, hondakinen kudeaketaz aritu zarete zapatuan Bergaran egindako batzarrean. Zein da Equoren postura?
Errauste plantaren aurkako postura izan da gurea hasieratik. Eta hori oso kontuan izan behar da, ze erraustegia da hemen arazo guztiaren sorburua. Bestetik, gure aukera batez ere doa ontzi edo bilgarrien legea bultzatzetik. Arazoaren sorburura joan nahi dugu. Jendearen parte hartzea bultzatu nahi dugu, herritarrekin, aterabide egokiena lortzeko. Edozelan ere, argi daukagu errauskailua ez dela inondik inora ere aukera.
Herri galdeketen aldeko zarete, Garbia plataformek eskatzen duten moduan?
Uste dut ona dela herritarren parte hartzea eta herritarrek iritzia ematea, hiritarren artean kontsentsua egotea inportantea delako. Baina zabor poltsak bata bestearen kontra erabiltzea ez da bidea.