Adierazpen askatasunaren izenean herritarrek egindako protestak zilegizkoak direla esanez hasi du Bergarako Udal Gobernuak atez atekoaren kontra egindako manifestazioaren harira ateratako adierazpena. Udal Gobernukoek diote guztiz bat egiten dutela manifestazioaren leloetako batekin, hau da, birziklatzeko aldarrikapenarekin.
Hori lortzeko sistemarekin baina, ez datoz manifestariekin bat Udal Gobernuko kideak: azaldu dute ibarrean bosgarren edukiontziaren eta atez atekoaren inguruko frogak egin direla, eta emaitzak agerikoak direla: “Froga horiek testeatuta daude eta emaitzak agerikoak dira; beraz, ez diogu eraginkortasun aldetik zentzurik ikusten berriz ere Mankomunitate mailan egin diren froga berberak orain herri mailan egiten hasteari”.
"Birzkiklatzea ez da eskubidea, herritar guztion betebeharra baizik"
Gaineratzen dute hondakin bilketa sistemaren inguruko erabakia hartzeko garaia heldu dela eta sistema eredua aldatzeko hainbat arrazoi azaltzen dituzte Udal Gobernutik, besteak beste, aldaketa honek Udal Gobernua osatzen duten taldeek hauteskunde programan esandakoekin duen koherentzia; hondakin bilketaren inguruan Europatik datozen irizpideekin guzti bat etortzea; eta birziklatze portzentai oso altuak ahalbideratzea, baliabideen xahutzea ekidinez.
Udal Gobernutik gaineratzen dute birziklatzea ez dela eskubide bat, herritar guztien betebehar bat baizik; eta ezarri gura duten sistema guztiz bateragarria dela herritarren osasunaren zaintzarekin. Errausketaren inguruan diote ez dagoela frogatuta ez duela osasunean eragiten, eta ez dutela nahi inorentzat bergararrentzat nahi ez dutenik. Zentzu horretan, Udal Gobernutik adierazi dute manifestazioa deitu dutenen aldetik faltan bota dutela errauskailuaren inguruan duten posizionamendua.
"Jarrera diktatorialak izan ditugula esateak ez dauka zentzurik"
Herritarren iritzia aintzat ez hartzea egotzi izanaren harira, Udal Gobernutik esan dute parte-hartze prozesu eta bilera informatiboetan, herritarrek informazioa jasotzeaz gain euren iritzia ere eman ahal izan dutela: “Udal Gobernuak hobetsitakoak aurrera atera ez diren arren, parte-hartze prozesuetan adostutako emaitzak geureganatu egin ditugu; jarrera diktatorialak izan ditugula esateak ez dauka inolako zentzurik”. Azaldu dute era berean, Bergara Garbia plataformakoekin duten desadostasuna, frakzio organikoaren eta errefusaren bilketan datzala, papera eta ontzi arinak orain arte bezala jasoko direlako.