Iragarritako ordua baino zertxobait beranduxeago eta lehen euri tantak erortzen hasi direnean abiatu da Bergarako San Martin plazatik bosgarren edukiontziaren alde eta atez atekoaren kontra egiteko eskatu duen manifestazioa. Herriko bertako jendea ez ezik, Debagoieneko zein Gipuzkoako beste hainbat herritako pertsonek ere hartu dute parte manifestazioan. Hala, 5. Edukiontziari bai! 4691 sinadura. Atez atekoari ez! zioen pankarta nagusiaz gain, beste bi ere ikusi ahal izan dira; bata, Legazpiko atez atekoaren kontrako plataformakoa, eta bestea Gipuzkoako atez atekoaren kontrako plataformen koordinakundekoa. Ibarreko EAJko hainbat zinegotzik ere egin dute bat manifestazioarekin; besteak beste, Bergarakoek bertakoek, Eskoriatzakoak edo Arrasatekoek.
Manifestazioa isil antzean hasi den arren, lehenengo minututik entzun dira hainbat manifestarik eroan dituzten txilibitu hotsak. Aurrera egin ahala, ugaritzen joan dira aldarrikapen oihuak, batez ere atez atekoaren kontrakoak. Herriko kaleetan barna ia ordubetez ibili ostean, manifestazioa hasi den puntu berean amaitu da, San Martin plazan. Gipuzkoako plataformen koordinakundeko ordezkariek hartu dute han hitza, eta besteak beste, bergararrei eskerrak eman dizkiete atez atekoaren kontra abian jarritako ekimenengatik. Bilduren kontrako hitzak ere izan dituzte, eta salatu dute, inposizioaz baliatzen ari direla atez atekoa ezartzeko.
Balorazio oso positiboa
Bergara Garbia plataformako bozeramaile Josu Leturiaren esanetan plataformatik manifestazioaren balorazio oso positiboa egiten dute: "Oso ondo joan da dena. Jendeak kalera irten eta manifestatzeko eskubidea izan du; bergararrak irten dira kalera, eta hori positiboa izan dela uste dugu".
Leturiaren esanetan, manifestazioan 4.000 pertsona egon direla kalkulatzen dute. "Manifestazioaren buruan egon naiz ni, eta esan didatenez, Ertzainen etxe ondoko palmerara heldu garenean, jendea oraindik plazatik irteten zebilen" azaldu du Bergara Garbia plataformako bozeramaileak.Bergarako udaltzainekin harremanetan jarrita, adierazi dute euren kalkuluen arabera 1.500-1.600 pertsona inguru egon direla manifestazioan.
Beste herri batzuetako herri eta plataformetakoen presentziarekin euren babesa sentitu dutela gaineratu du Leturiak. "Normala da beste herri batzuetako jendea etortzea; beste herri batzuetan ere arazo bera dute-eta".
Gaineratu du manifestazioarekin adierazi gura izan dutela herritarrek bosgarren edukiontziaren alde daudela; esan du era berean balkoietan-eta dagoen zabor poltsa kopuruak eta gaurko manifestazioak izan duen erantzunak adierazten dutela jendea atez atekoaren kontra dagoela.
Leturiaren esanetan gainera, udal gobernuak atez atekoa ezartzea erabaki duen arren, alkatea herritar guztiena da, eta honek aintzat hartu beharko luke herritarrak protestan irten izana. Aurrera begira horrelako beste ekimenik egingo duten galdetuta, adierazi du proposamenei zabalik daudela.