Ordubete inguru iraungo du; ibilbidea, berriz, honako hauxe izango da: San Martin plaza-Barrenkalea-Lasa zaharretik Ibargaraiko palmondora-Miguel Altunaraino iritsi, handik gora Irala kalera egin, eta San Martin plazan bukatu.
Atxikimenduak
Bergarako herri plataformak antolatutako protesta ekimen horrek dagoeneko eskuratu ditu hainbat atxikimendu. Debagoienean, Arrasate Garbik, adibidez, bertan izango dela iragartzeaz gainera, arrasatearrei deialdia egin die manifestazioan parte har dezaten.
Eta gure ibarretik kanpora ere eskuratu du babesa atez atekoaren kontra Debagoienean egingo den lehen manifestazio horrek: "Lezoko elkarteak lezotarrei egin die deialdia, eta jakin badakigu, besteak beste, Legazpitik ere etorriko dela ordezkaritza. Izan ere, gai hori orain Bergarako problema da, baina, adibidez, Arrasatekoa ere izango da urtebete barru, eta beste leku batzuetakoa ere bai", adierazi du Josu Leturiak, Bergara Garbiako ordezkariak.
Autobus zerbitzua, indartuta
Eta hori aurreikusita, iragarri dute gure ibarrean autobus zerbitzua indartu egingo dutela manifestazioa hasi baino ordubete lehenago eta manifestazioa bukatu ostean (20:00 inguruan). "Eskoriatzatik eta Oñatitik Bergarara dagoen autobus zerbitzua beharrizanetara egokituko da. Bai joateko eta baita bueltatzeko ere", jakinarazi du Luis Garatek, Arrasate Garbiko ordezkariak. Hark emandako xehetasunen arabera, helburua da manifestazioan parte hartu gura dutenei bidea erraztea eta autoa eraman beharrik ez izatea. "Pesarekin berba egin dugu horretarako eta esan digute gertu izango dituztela autobus gehiago jendeari erantzuna eman ahal izateko".
"Parte hartzeko eroso"
Manifestazioan erabiliko duten leloak adierazten duen moduan, hiru dira egin gura dituzten aldarrikapenak: bosgarren edukiontziaren ezarpena, atez atekoa beharrean; birziklapena bera; eta herriari hitza ematea: "Leloak aukeratzeko orduan kontu handia izaten ahalegindu gara, nahi dugulako hondakinen atez ateko bilketaren kontra dagoen edozein gure ekimenetan parte hartzeko eroso egon dadila. Azken batean, gu bakarrik bilketa sistemaren kontra gaude. Hau da, politika albo batera laga eta gai honekin normalizazioa da nahi duguna, norberak esan ahal izatea nahi duena. Uste dut denok nahi dugula elkarbizitza normalizatzea", adierazi du Bergara Garbiako ordezkariak.
"Iritzia kontuan hartu gabe"
Herriari hitza emateko eskaerari dagokionez, berriz, Bergara Garbiak zera adierazi du: "Tamalez, Bergarako eta inguruko gipuzkoar asko sartuta gauden auzi hau Bilduko gobernu taldeak sortu zuen, oposizioa eta herriaren iritzia kontuan hartu gabe, Bergaran atez ateko sistema inposatu zuenean". Eta horri gehitu dio bergarar gehienen jarrera "argia" dela: "Bergara Garbia herri plataformak 5. edukiontziaren alde eta atez atekoaren zein alkatetzaren era diktatorialaren kontra 4.691 herritarren sinadurak bildu zituen". Hala ere, "alkatetzak, herritar gehienek atez atekoaren eta metodo inposatzaile honen aurrean duten desadostasuna ikusita ere, kasurik ez die egin, ezta plataformak gai honen inguruan hitz egiteko eta akordiora heltzeko egindako deiei ere".
Eta Bergarako gaurko manifestazioari atxikimendua adierazteko bidalitako prentsa oharrean, irakurketa bera egiten du Arrasate Garbi plataformak, bere kasuan, gogora ekarriz, Arrasaten 6.686 sinadura batu dituztela.