Edukiontzi horiak eta urdinak mantendu egingo ditu Bergarako Udalak

Arritxu Barruso 2013ko apirilaren 12a

Bergaran hondakinak gaika biltzeko sistemak izango dituen berezitasunen berri emateko agerraldia egin dute Bergarako Udaleko eta Mankomunitateko ordezkariek. Sistemaren ezaugarrietako batzuk erabakitzeko herritarrekin bilerak egin zituen Udalak martxoan zehar; "Bergaran inoiz izan den parte-hartze prozesu jendetsuena" izan da, Udalaren esanetan. Bada, martxoan egindako bileren emaitzak aztertu ostean hartutako erabakien berri eman dute gaur. 

Horia eta urdina mantendu

Hartutako erabakietako bat izan da ontzi arinak jasotzeko eta papera eta kartoia jasotzeko, edukiontzi urdina eta horia –gaur egun kalean daudenak– mantentzea. Parte-hartze prozesuko saio guztietan edukiontzi urdina mantentzea adostu zen. Ontzi arinei dagokienez, emaitza orokorrek edukiontzi horia mantentzea eman dute, baina, bi saiotan zintzilikarioen aldeko apustua nagusitu zen eta beste batean bi puntugatik bakarrik gailendu zen edukiontzia.

Udaleko ordezkariek azaldu dute edukiontzi horiek mantentzeak "bergararrak erronka baten aurrean" jartzen dituela, baina "argi" daukatela "ondo egin" dezaketela. Dena dela, azaldu dute hiru hilabeteko probaldia egingo dela: "Funtzionatuko ez balu, birziklapen datuak ez badira betetzen eta hondakinak nahastuta agertzen badira, beste zerbait pentsatu beharko da".

Esekitokietako bilketaren ordua izan zen bileretan bozkatu zen beste puntuetako bat. Udalak erabaki du udan eta neguan ordutegi bera mantentzea. Hala ere, egindako zazpi saioetatik 4tan desberdina izatea adostu zuten.

Ekarpenak bileretan

Udaleko ordezkariek azaldu dute, bestetik, prozesu parte-hartzailean, eztabaida, ekarpen eta zalantzen argipenerako luzatu diren puntuetan, askotariko gai eta iritziak atera direla: "Oro har kontsumo eredu eta ohiturekin lotutako ekarpen eta hausnarketak gailendu dira, gehienak Bergarak eta bere herritarrek izan ditzaketen eskumenetatik urruti geratzen dira, baina norbanakoek egunerokoan hartu ditzaketen jarrera edo erabakiekin zerikusia izan dezakete".

Horrez guztiaz gain, hondakinak biltzeko sistemaren aplikazioa eta eguneroko praktika egokia izan dadin aplikatu daitezkeen neurri zuzentzaileen inguruan, Udalaren esanetan, "abisu sistema pedagogiko bat beharrezkoa dela adierazi da oro har". Gainera, "herritarrak sistemara ondo egokitu daitezen, eta sortu daitezkeen arazo eta zalantzen aurrean, mota honetako laguntza eta komunikazioa ezinbestekoa izango dela" nabarmendu da bileretan. Udalak emandako azalpenen arabera, gainera, "herritarren iritziz muturreko egoeretan isunen sistema ez litzateke baztertuko, baina aurretik aipatutako bide eta lanketak ezinbestekoak dira".

7 saio, 591 lagun

Udalak zazpi bilera egin ditu martxoan zehar herria gunetan banatuta. Guztira, 591 lagunek hartu dute parte. Adinari dagokionean, 35 eta 65 urte arteko herritarrak izan dira gehienak –250 lagun–, 65 urtetik gorakoak 172 izan dira eta 35 urtetik beherakoak 72.

Udaleko ordezkarien esanetan saioak "giro onean burutu dira, herritarrek errespetuz jardun dute, azalpenen tarteari zegokion garrantzia emanez, eta taldekako ekarpenen dinamikan modu aktiboan parte hartuz". Gaineratu dute "herritarrek informazioa modu zuzenean jasotzea eta erabakitzeko zeuden puntuetan bere iritzia eman eta erabaki ahal izatea asko eskertu" dutela. 

Aurrez hartutako erabakiak

Agerraldian Udaleko ordezkariek gogora ekarri dute parte-hartze saioen lehen zatian jadanik hartuta zeuden zenbait erabaki eta horiek hartzeko arrazoiak zeintzuk ziren azaldu zituztela. Hala nola, errefusa eta organikoa kubotan eta esekitokietan batzea; beira, ehunak eta olioaren edukiontziak mantentzea; larrialdi gune bi jartzea, Labegaraietan eta Matxiategin; kaleko zakarrontziak gaika batzeko egokitzea; auzo konposta egiten duten familiei %25eko deskontua aplikatzea hondakinen inguruko tasan; eta esekitokietako bilketa puntuen batzea 23:00etatik 06:00etara egitea.

%80 birziklatzeko borondatea

Udalaren apustua "gutxienez %75-80ko emaitzak emango dituen gaikako bilketa sistema ezartzea" da eta proposatzen duten sistemak birziklaia portzentaia "oso altuetan ahalbidetzen" duela esan dute. Azpiegitura garestiak, errausketa planta eta hondakin toxikoen zabortegia egitea galarazten duela ere gaineratu dute. Gobernu taldearentzat natura eta bere babesa "oinarrizko printzipioak dira" eta "birziklatzea ez da eskubidea, herritar guztien betebeharra baino".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak