Sortu: "Atez atekoaren aurkako dinamikaren buru EAJ ageri zaigu Gipuzkoan Garbia plataformen eskutik"

Arritxu Barruso 2013ko api. 11a, 13:49

Bergarako Sortuk prentsa ohar baten bidez gogor kritikatu du EAJk hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruan izandako jarrera eta Bergarako Udalak azken hilabeteetan egindako ibilbidea babestu dute: "Bergarako udala azken hilabeteetan lantzen ari den ibilbide orria, ehunka herritarren parte hartzearekin. Badirudi herri honetan, ingurumena eta guztion osasunaren onerako, derrigorrezko birziklapenaren alde egitea, herriari muzin egin eta honen borondatearen aurka aritzea leporatzeko arrazoi nahiko dela. EHBilduko zinegotzi eta alkateari inposatzaile eta frankista deitu diote, zeintzuei eta diktaduraren alde guztia eman zuten ezkertiar eta abertzaleak ordezkatzean duten sentsibilitate politikoari. PNVren inkontrolatuek Lezon alkateari bultzakadak eman eta zintzilikarioak txikitu dituzte; Legorretan berriz kuboak eta hondakinak errekara bota dituzte. Hau al da zibizmoa?"

Garbia plataformak

Prentsa oharrean Sortuk dio "atez atekoaren aurkako dinamikaren buru EAJ ageri" dela Gipuzkoako herri gehienetan, "Garbia izeneko plataformen eskutik". Garbia plataformen helburua nagusiak hiru dira Sorturen ustez:    •    "EHBilduri egurra ematea. Oposiziotik agintera pasa dira ezkertiar abertzaleak. Eskubiaren eta handi mandien pribilejioak kolokan jartzen ari dira: lana eta aberastasuna banatuz; murrizketei aurre eginez; etxegabetzeen aurrean tinko azalduz; obra faraonikoak geldituz. Hori ezin du jasan alderdiak,ezta  politika honetan babesle dituen PP eta PSEk ere.
    •    Errauskailua egin eta negozioarekin jarraitzea. Gipuzkoarren 500 milioi euro agindu dizkiete beraien orbitako enpresei. Gainera diru hori enpresa/banketxe horien eskuetara iritsiko dela ziurtatzeko kontratuak blindatu dituzte Swapen bidez.
    •    Benetako arazoak direnak hondakinen gerraren ke-lainoetan ezkutatzea. Etxeko hondakinak banatu eta birziklatzera ateratzea al da Bergararron arazorik potoloena? Edo askoz garrantzitsuagoak dira enplegu falta, etxegabetzeak, kinka larrian diren enpresak, kalitatezko osasuna eta hezkuntza,…?"

Erabakitzeko eskubidea

Sortuk gaineratzen du EAJ agintean zegoenean, "Ezker Abertzalea ilegalizatua zegoela aprobetxatuz" erabaki zutela errauskalilua egitea. "Noiz galdetu zieten Gipuzkoarrei Errauskailua nahi duten edo ez? Inoiz herri galdeketarik egin ez duen alderdiak zilegitasuna du herri galdeketak eskatzeko? Angiozarko herri galdeketa arrakastatsuari kasurik ere egin ez zion alderdia orain galdeketa eske? Zilegia al da ez birziklatzeko eskubidea,  herritarren osasuna kaltetzea eta ingurumena kutsatzeko eskubidea aldarrikatzea?  Akaso ez da botere publikoaren eginbeharra beraien herritarren osasuna zaintzea? Ingurumena zaintzea?". Eta ondorengoa gaineratzen dute: "Esan garbi herriari zein den zuen borondatea: 5.edukiontzia jarri eta errauskailua egin. Baina esan garbi honek zer suposatzen dion herriari termino guztietan, ekonomikoan, ingurumenean eta guztion osasunean. Guk behintzat Erraustea baino nahiago dugu Zero Zabor politikak praktikara eraman eta Antzuola bezala Europan eredugarri izatea. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Antzuolako Udalaren hondakinen politikak eredugarritzat aurkeztu ditu Europar Batasunak Europa guztirako. Hori da gure aukera, zentzuzkoa eta garbia. Eman aukera bat, birziklapenari, osasuna eta ingurumenari", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak