Bergara Garbia: "Gure hitza entzun dadila leku guztietan"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko api. 3a, 19:45

5. edukiontziaren alde eta atez atekoaren kontra 4.691 sinadura batu eta herritar ugarik zabor poltsak zintzilikatu arren, alkatetzatik ez dietela kasurik egin azaldu dute herri plataformatik, ez dietela gaiari buruz hitz egin eta akordio batera heltzeko egindako deiei erantzun, ezta udaletxean zigilu eta guzti aurkeztutako idatziei ere. Horiek horrela, Bergara Garbiak manifestazio deialdia egin du, orain arteko ahaleginek erantzunik izan ez dutela argudiatuta. Atez atekoaren kontrako manifestazioa hilaren 12an izango da Bergaran, 19:15ean, San Martin plazatik aterata. Albiste barruan, plataformaren prentsa oharra osorik.

Prentsa oharra, hitzez hitz:

"Tamalez Bergarako eta inguruko gipuzkoar asko sartuta gauden auzi hau BILDUko gobernu taldeak sortu zuen, oposizioa eta herriaren iritzia kontutan hartu gabe, Donostiako instrukzioei jarraikiz, Bergaran Atez Ateko zabor bilketa sistema inposatu zuenean. Ez zuten erreparorik izan, Bergarako familien egunerokotasunean izango duen eragin negatiboaz ohartu arren. Izango dira goragoko beste interes batzuk, ziurrenez.

Ekintza hauen aurrean, bergarar gehienen jarrera argia da: BERGARA GARBIA herri plataformak 5. edukiontziaren alde eta Atez Atekoa zein alkatetzaren era diktatorialaren kontra 4.691 herritarren sinadurak bildu zituen. Hainbat bergararrek plataformaren deiari erantzunez zabor poltsak esekitzen dituzte beraien desadostasuna erakutsiz.

Alkatetzak, herritar gehienek Atez Atekoaren eta metodo inposatzaile honen aurrean duten desadostasuna ikusita ere, kasurik ez die egin, ez eta Plataformak gai honen inguruan hitz egiteko eta akordio batera heltzeko egindako deiei ere. Bere errespetu falta nabaria izan da, BERGARA GARBIA plataformak udaletxean zigilu eta guzti aurkeztu dituen idatziei ez kasurik, ez erantzun ere egin ez dienean. Bitartean, eta isil-isilik, Atez Atekoa instalatzeko egitasmoarekin aurrera jarraitzen du. Donostian, berriz, Bergaran Atez Atekoa inposatu dutenak bosgarren edukiontzia jartzeko irrikaz daude. Ziurrenez, BILDUrentzat Bergara 3. mailako herria da eta ez du Donostian instalatu den 5. edukiontzia merezi.

Orain arteko ahalegin guztiek izandako erantzun eza ikusirik, Atez Atekoaren kontra dauden bergarar guztiei dei egiten diegu hurrengo ostiralean, apirilak 12, arratsaldeko 19:15etan San Martin plazatik irtengo den manifestaziora.

Atez Atekoari EZ! 5. EDUKIONTZIARI BAI! BIRZIKLATZEA BAI! EMAN HITZA HERRIARI!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak