Berdegara Eguna ospatuko dute hilaren 20an Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2013ko apirilaren 2a

18:00etatik 22:00ak arteko egitaraua prestatu dute eta hiru eremutan izango dira ekintzak: ume eta gazteei zuzendutakoak, Irala kalean (18:00-19:30); eta artisten eta margotzearen ingurukoak, San Martin plazan (19:30-20:30). Ordu horretatik aurrerako ekintzen eszenatokia Munibe plaza izango da: Zero Zabor eremua edo gune nagusia egun horretan (20:30-22:00).

Jolas bat izango da lehen eremuko ardatz nagusia; haur, gazte eta nahi duen orori zuzendutako jolas bat: lokotx bilketa-kaskara jokoa. Bost edukiontzi jarriko dituzte –beirarena, organikoarena, ontzi arinena, kartoiarena eta errefusarena– eta hondakin guztiak lokotxak bailiran nahastu. Talde bakoitzak edukiontzi bat izango du, eta bakoitzak berea ongi jaso eta sailkatutakoan amaituko da jolasa.

Jolas horretaz gain, eremu horretan izango dira baita ere:

  • Umeentzako tailerrak –izara jokoa, txapak...
  • Ipuinak, bi kontalariren eskutik  –jaima bat jarriko dute ipuin kontaketa erreferentzia bezala.
  • Musika.
  • Gunearen erreferentziarako pankarta handi bat.

Artistentzako, San Martin plaza

  • Zenbait artistek koadro bana marraztuko dute, gaiarekin lotuta.
  • Erakusketak  jarriko dira.
  • Mural "propioa" egingo dute.
  • Dantza.

Amaiera ekitaldia Muniben

Berdegara Eguneko eremu nagusi izango den Munibe plazan egingo dute amaiera ekitaldia, eta parodia bat ere antzeztuko dute bertan: errauskailu erraldoi bat egin eta sokatiran aritu, alde batean jendea eta bestean errauskailua direla; "errauskailua bota eta bertatik haize errota  koloretsu bat jaioko da", antolatzaileek aurreratu dutenez. Antzerkia eta kontzertua ere izango dira, eguna borobiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak