Barnealdeko turismoa sustatzeko asmoz sortutako proiektu honek, gure arbasoen bizimodua eta eurek utzitako ondarean oinarrituta dago, izan ere, 3.000 urte baino gehiago dituzten arrasto arkeologikoak daude eta ekimenaren antolatzaileek horren potentziala erabili nahi dute.
Dolmenen ibilbideak, PR-Gi 94 izendapena du, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotuz. Ibilbidean, Elosu-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmenak ikusi daitezke. Guztira, 16 monumentu daude, 10 tumulu eta 6 trikuharri.
Ibilbide honek Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako turismoari bultzada eman nahi dio eta hori lortzeko hiru herrietako ordezkariak elkarlanean aritu dira.
Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirrek ingurunearen balio arkeologikoa nabarmendu du eta Arribiribileta monumentuaren adibidea jarri du eta gutxinaka bada ere, ibilbidea musealizatzeko helburua dute.
Bisita gidatuak
Ekimenaren sustatzaileek ibilbidearen inguruan, hilero ekintzak antolatuko dituzte, eta horien artean, bisita gidatuak eta familientzako planak. Horietatik lehenengoa, martxoaren 30ean izango da eta bertan izena emateko Debanaturara edo Debegesara deitu behar da.