"Orain dela ia 40 urte etorri nintzen lehen aldiz; makina bat buelta egin dugu ordutik Bergara aldera". Hala zioen Iñaki Perurenak eguaztenean, herrian eman beharreko hitzaldira etorrita, Salegirekin berriketan.
Batak bestearentzat ez dute hitz ona besterik: "Perurena izan da harri-jasotzaile konpletoena, harri txiki eta handietan, denean ona", harginak esana. Izan ere, ofizio bakarrik ez, afizio ere –eta ez nolanahikoa– izan du –eta du– harria 29 urterekin Bergarara etorri eta bertan lantegia jarri zuen mutrikuarrak: "Pedro, hargina izateaz gain, Euskal Herrian harri-jasotzearen gainean zaletasun handiena duenetakoa da; laguna, laguntzeko prest egon dena"; Perurenaren hitzak.
Eta hala behar, entrenatzeko txoko bat ere izaten zion-eta prest Salegik Perurenari –eta beste hainbat harri-jasotzaileri–: "Bera eta Zelai Leitzara ere joaten ziren askotan, niri entrenamenduetan laguntzera".
Orain Inaxiori ere bai
Eta Salegi-Perurena harremanak jarraitu egiten du. Iñakiren seme Inaxiorentzako harriak ere Bergaran egiten dituzte, nola ez, otsailean jaso duen 300 kilokoa, adibidez: "Euskal Herriko harriak hementxe egiten dira". Harria egitea, zenbaitetan, ez ei da lan zaila, kubikoaren kasuan, adibidez: "Zerraz ebakitzen da harria, egurra bezalaxe". "Baina badira beste harri batzuk, zilindroa, kopa,... harginaren ukitua behar dutenak: harria ezagutu behar da, esku-zuloak non eta nola egin jakin; harri-jasotzaile batek izan dezake indar asko izterretan, besteak gerrian, eta bi harriek desberdinak izan beharko dute, nahiz eta biak koadroak izan"; hala dio Perurenak.
Eguaztenean ere ari ziren Marmoles Bergaran inoiz jasoak izango diren harri berriak egiten; dagoeneko jasoak izan direnetako batzuk, ospe askokoak, Perurenarenak tartean, lantegi atarian ditu jarriak Pedro Salegik.