Honela, adibidez, aipagai izan zituen harriz egindako eraikuntza lan handiak, Egiptoko piramideak, Txinako Harresia eta Euskal Herriko gazteluak, harrizko gazteluak; eta Nafarroako Erresumaz eta Euskal Herriaren burujabetzaz jarduteko hizpidea eman zion horrek.
Historiaurretik harriari gizakiak emandako erabilerak aipatu zituen, harrian egindako lanak, kobazuloetako margolanak adibidez, eta halakoetarako gai zen gizakia gure herriko hizkuntza, euskara sortzeko gai ez ote zen izango ideia mahaigaineratu zuen bide batez.
Harrizko lanez osatuta Leitzan egin duen Peru-Harri museoa ere izan zuen hizpide, harri-jasotzea ere bai nola ez, eta beste hamaika kontu, benetan era entzungarrian kontatuak.
Hain justu ere Iñaki Perurena izango da bihar –egubakoitza, 22:00 eta 23:35– Goiena telebistako Asteon saioko protagonista. Bergaran egiten dituzte harri-jasotzaileentzako harriak, tartean Perurenatarrenak.
Hitzaldiaren aurretik, Pedro Salegiren lantegian izan zen Leitzakoa, eta harginarekin eta harri-jasotzailearekin jardun genuen bertan. Bien arteko harremanaz eta harri-jasotzearen etorkizunaz jardun genuen, besteak beste. Biharko Asteon saioan ikusi ahal izango duzue han jasotakoa.