Udala hasi da kalean ere hondakinak gaika jasotzeko zakarrontzi koloredunak jartzen. Auzo eta kale ezberdinetan ekin diote hondakinak gaika batzeko kaleko sistemari: "Jendea apurka-apurka ohitzen joatea nahi dugu horregatik auzo guztietan ekin diogu gaikako zakarrontziak jartzeari", adierazi du Iñaki San Jose Bergarako Udaleko brigada buruak.
Orain arteko zakarrontzi zaharrak erabili dituzte horretarako: " zaharrak kendu, konpondu, berritu eta margotu ostean berriro jartzen ditugu", azaldu du Brigada buruak. Udalak prozesu guztia amaitzeko data zehatzik ez duen arren lanak "erritmo onean doaz, egunero 80 bat zakarrontzi kentzen ditugu", azpimarratu du San Josek.
Prozesua erraza da, kale bat aukeratu ostean, bertako zakarrontzi gehienak kentzen dituzte eta 48 orduren bueltan berriro jartzen dituzte. "Tokia ez dugu zoriz aukeratzen, aurretik zabor-biltzaileekin hitz egiten dugu eta zabor gehien pilatzen den puntuetan jartzen ditugu gaikako bilketa egiteko zakarrontziak" San Josek aipatutako irizpideez gain, mugikortasun arrazoiak ere erabiltzen dira. Gurpildun aulkiek eta zabor-biltzaileen, nahiz haur karrotxoei ere pasatzeko tokia uzten zaie.
Jendearen erantzuna
Oraindik goiz da datu orokor bat emateko, baina brigada buruak argi dauka: "Jendeak begi onez ikusten ditu". Zenbait kasutan ontzi bakoitzean zer bota behar den ongi jakin ez arren, jendeak oso iritzi positiboa dauka "ez da ezer kostatzen eta ingurumenababesteko balio du" zioen herritar batek.