Familia eta lagunekin naturaz gozatu dute Bergaran

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko mar. 9a, 18:02

Natura Egun dotorea ospatu dute goizean San Martzialen. Zuhaitzak landatu, hamarretakoa egin... primeran pasatu dute ekimenean parte hartu duten guztiek; gehienak familiak seme-alabekin.

Ehun bat herritarrek egin dute bat goizean Bergaran Natura Eguna ospatzeko Udalak egindako deialdiarekin. Azken urteetan egindako Zuhaitz Egunaren bertsio osatu eta aberastua prestatu dute aurten eta herritarrek primeran erantzun dute.

Eguraldiari ezin zitzaion gehiago eskatu, eta Oxirondo azoka ondotik abiatuta, oinez egin dute guztiek San Martzialerako bidea. Igoeran Amaia Arriaran ipuin kontalariak gidari lanak egingo zituela iragarrita egon arren, azken unean gaisotu eta ezin izan du parte hartu –Udalak aztertu egingo du ekimena aurrerago berreskuratzea–. Hala ere, horrek ez du mendigoizale txikienen animua ilundu eta gogor egin dute aldapan gora; izan ere, batutako gehienak, seme-alabadun familiak izan dira.

San Martzialera iritsitakoan Udaleko lorezain Iñigo Arregiren azalpenak entzun ostean, tresnak hartu eta zuhaitz eta zuhaixkak landatzeari ekin diote: haritzak, sagarmina, gorostia, astigarra, makala... 150 guztira. Hainbeste lan egin ostean, ermitako aterpean hamarretakoa jan dute eta horrekin batera, Udalak prestatu berri duen Gerriko Berdearen planoak ere jaso dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak