Lluis Verdaguer, Bartzelonako Taradell herriko alkatea (CIU): "Edukiontzien sistemarekin ezin zaitezke iritsi hiri hondakin guztien %80 birziklatzera"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko mar. 8a, 07:00

Lluis Verdaguer Taradelleko (Bartzelona) alkatea eta La Planako Mankomunitateko presidentea da. Bergaran izan berri da, hiri hondakinen gainean eta, batez ere, hondakinok batzeko euren herrian ezarrita duten atez atekoaren gainean berba egiteko. CIU alderdiko alkatea da eta 2007 urtetik daroa karguan.

Taradellen sailkatuta batzen dituzue hiri hondakinak. Ze sistema darabilzue?
2002ean hasi ginen atez atekoarekin, baina herriko auzo batean. Eta 2005ean hasi ginen herri osoan, hondakin guztiekin, beirarekin izan ezik. Izan ere, kristala, gaur egun ere, ohiko edukiontzi berdeetan jasotzen dugu.

Zenbat biztanle ditu Taradellek?
6.200 inguru. Bestetik, La Planako Mankomunitatean batzen gara 12 herri; guztira, 32.000 biztanle. Herri handiena Tona da eta 8.500 bat biztanle ditu. 2000 urtean hasi ziren herri horretakoak atez atekoarekin. Kataluniako lehen herria izan zen sistema hori ezartzen.

Gaur egun, mankomunitateko herri guztietan jasotzen dituzue hiri hondakinak atez ate?
Bai, nekazaritza guneko herri txiki batean izan ezik, hark ez dauka hiri gunerik-eta. Osterantzean, 2000 eta 2011 artean 12 herrietan ezarri zen.

Modu berezituan, zenbat hiri hondakin batzen duzue La Planan?
Batez beste, %80.

Aurretik, zenbat birziklatzen zenuten?
Batez beste, %25. Beirarekin emaitza hobeak lortzen genituen eta %45eraino heltzen ginen.

Materia organikoa batzeko edukiontzirik ez zenuten?
Ez.

Hasierakoak zelakoak izan ziren?
Zalantzak eta mesfidantzak baziren biztanle batzuen partetik. Hori egia da, ez gaitezen engaina. Baina, gehiago, ezezaguna izatearren. Ez zen egon kontrakotasun gogorrik. Mesfidantzak zetozen ohiturak aldatzearren, egun eta ordutegi jakin bati lotzearren, hondakinak kalera ateratzeko lehen zegoen askatasuna mugatzearren. Baina gure helburu nagusia zen ahalik eta gehien birziklatzea eta ahalik eta gutxien eroatea zabortegira. Erronka hori geneukan eta argumentu horrekin eskatu zitzaien herritarrei ahalegin bat egitea.

Ulertuta daukat papera eta kartoia, eta beira, ontzi berdinean batzen dituzuela. Hala da?
Bai. Guretako samurra da, dena ontzi berean jaso ondoren, gero, bakoitza bereiztea. Papera eta kartoia, eta beira, samur bereizi daitezke. Material ezberdinak bereizteko planta bat daukagu eta, horregatik batzen ditugu hondakindegi urdinean batera, papera, kartoia eta beira.

Ez dizue arazorik ematen?
Ez. Arazoa da materia organikoa, errefusa eta gainerako ontziak edo papera nahastea. Atez atekoarekin hasi ginenerako, hau da, lehenagotik ere, ez geneukan edukiontzi horirik eta urdinean jasotzen genituen papera, kartoia eta beste ontziak.

Atez atekoarekin hasi eta berehala izan zenituzten emaitza onak?
Bai, bizpahiru hilabetera, %70eko birziklatze mailan geunden. Gerora, poliki-poliki, emaitzak hobetzen joan gara eta ekimen bereziak ere antolatu ditugu hori lortzeko: puntu berde mugikorrak oso kutsakorrak izan daitezkeen materialendako e.a. Egia da, edozelan ere, hasieran, pedagogia lan handia egin genuela, eta hasierako emaitza onak izan bezain laster horren jakitun jarri genituen herritarrak… Jendek ikusi zuen, hasieratik, bere ahaleginak bazuela erantzuna. Guretako, Taradelleko herritarrondako, ohorea da, esaterako, 2011n Katalunian gehien birziklatu zuen herria izatea. Hiri hondakinen %86, gaika sailkatuta jaso genuen.

Atez atekoa deserosoa dela esaten duenari zer esango zenioke?
Zabor poltsa etxetik jaitsi eta bi kale beherago ontzi batera botatzea baino deserosoagoa al da zure etxepean uztea, nahi baduzu etxeko zapatiletan jaitsi zaitezkeelarik?

Zikina eta estetikaren kontrakoa dela diote batzuek.
Guk gauez jasotzen ditugu, 22:00etatik arrera. Gauerdirako jasota dago dena. Egia da tarte horretan hondakin asko dagoela kalean, baina, behin kamioia pasata, hurrengo egunean ez dago ez poltsarik ez eta edukiontzirik ere. Dena dago oso txukun dago. Ez dago usain txarrik... Ohitura aldatzeaz gain, ez dauka bestelako trabarik sistema honek. Gehiago esango nuke: orain erabakiko bagenu lehenagoko sistemara itzultzea, seguru nago gehiago kostatuko litzaigukeela eta kontrako ahots gehiago izango genituzkeela.

Katalunian zenbat herritan dago atez atekoa?
2011ko datuen arabera, 110 bat herritan. Guztira, 750 bat herri daude Katalunian. Urtetik urtera gehiago gara. Dena den, hemen badago tabu modukoa bat; izan ere, uste da herri txikiendako bakarrik balio duela atez atekoak eta ez 30.000 biztanletik gorakoendako. Esaterako, eraikin bertikal askoko herrietan zailagoa da. Dena den, Vic herrian aztertzen dabiltza atez atekoa jartzea. 40.000 biztanle inguru dira. Atze atekoak eskatzen du herri bakoitzaren ezaugarrietara egokitzea, moldatzea, herri guztiak ez baitira igualak.

Italian herri handietan ere ezarrita dago.
Bai, egia da, handik dator atez atekoa. Modenan, esaterako, sistema hori darabilte. Modenak 300.000 biztanle inguru ditu, baina oso hiri zabala da, lursail handikoa. Biztanle kopuruari dagokionez Hospitalet modukoa da, baina ez dauka zerikusirik, ze Hospitalet etxe bertikal askoko hiria da.

Edukiontzien sistemaren aurkakoa zara?
Ez. Kontua da jendea libreki kontzientziatuta dagoen ala ez, ahal den guztia birziklatzeko. Kontzientziatuta balego, bideragarri izango litzateke, baina, ikusita edukiontzien sistemarekin oso birziklatze tasa txikiak lortzen direla, bada, atez atekoa da egokiagoa. 10 bizilagunek ondo egin arren, bakarrak txarto egiten badu eta organikoa gainerakoekin nahasten badu, pikutara botatzen dugu guztia, ez du balio. Hori da arazoa.

Zintzilikarioak erabiltzen dituzue?
Ez. Poltsetan ateratzen ditugu hondakinak eta organikoa edukiontzi edo pote batzuetan, bakoitza egun jakinetan. Gure herria txiki samarra da eta eraikin handienak 4 solairu ditu eta hiru daude halakoak. Hortaz, ez da hondakin poltsa asko pilatzen etxe ondoan. Sei egunetan jasotzen ditugu hondakinak, zapatuetan izan ezik gainerako guztietan. Astelehen, eguazten eta egubakoitzetan organikoa jasotzen dugu; martitzenetan, errefusa, eta eguen eta domeketan, edukiontziak, papera eta kartoia. Pixoihalak, egunero.

Merkeagoa ala garestiagoa da atez atekoa?
Bestearen iguala. Abantaila bat badauka, halere: prezioa egonkortzea lortu dugu. Atez atekoaren aurretik, urtetik urtera gehiago ordaintzen ari ginen hondakinen tratamendua, izan erraustegietan edo izan zabortegietan. Orain, Udal tasetatik jasotzen dugunarekin ordaintzen dugu hiri hondakinen tratamendua eta eguneroko kale garbiketa. Lehen ez. Gainera, prezio berarekin lortu dugu gehiago birziklatzea. Hortaz, ingurumenaren aldetik, asko irabazi dugu.

Batzeko modua garestiagoa ez da?
Bai, baina hiri hondakinen desagertzea, tratamendua…, merkeagoa da. Edukiontziekin ondo egingo balitz berdin izango litzateke. Gainera, esan behar da Kataluniako Generalitatek saritzen dituela gehien birziklatzen duten herriak. Produktu bat erosten dugunean, produktu horren tratamendu edo birziklatzearen gaineko zati bat ordaintzen ari gara eta guk zela asko birziklatzen dugun, bada, gobernuak guri ordaintzen digu egiten dugun lanagatik.

Zer egiten duzue organikoarekin?
Lehen bidaltzen genuen hemen dagoen planta pribatu batera. 2005etik aurrera, berriz, ormigoizko edukiontzi aireratu batzuk jarri genituen. Materia organikoaren deskonposizio prozesua hiru astetan egiten da eta, hortaz, ez daukagu beste planta horretara zertan eroan. Geuk egiten dugu. Bi heren eroaten dugu orain planta horretara. Bestalde, gure helburua da agintaldi honetan konpostatzeko planta bat eraikitzea eta hara eroatea urtean sortzen den 4.500 tona organiko.

Atez ate versus erraustegia esaten da Gipuzkoan. Zuek ere arrazoi horrenagatik egin zenuten atez atekoaren alde?
Ez. Egia da, hemen, Tona herrian, 80ko hamarkada amaieran, errauste planta txiki bat jarri zela eta hark kontrako ahots asko sortu zituela eta herrian zatiketa eragin zuela horrek. 10 bat urte egon zen martxan eta hura itxi zenean, atez atekoarekin hastea erabaki zuten. Aipatu dudan moduan, Katalunian sistema hau ezarri zuten lehen herria izan zen.

Zergatik itxi zen erraustegi hura?
Egunean jartzeak eta segurtasun neurriak ezartzeak inbertsio handia eskatzen zuelako. Eta zabortegiaren aldeko apustua egin zen. Nire ustez, zaila da esatea zein den irtenbide egokiagoa: zabortegia ala erraustegia. Biek kutsatzen dute: erraustegiak modu azkarragoan eta zabortegiak modu polikiagoan. Edozelan ere, biak dira beharrezkoak. Orain, helburua izan behar da, lehenbizi, ahalik eta gehien birziklatzea eta, horretarako, guri atez atekoa ondo doakigu. Ondoren, geratzen den hondarra, erraustegira edo zabortegira eroan behar da. Ez dago beste aukerarik. Gure eskuetan dago birzikla daitekeen guztia birziklatzea.

Zuek nora eroaten dituzue birzikla ezin daitezkeen hondarrak?
Zabortegira. Horren alde egin genuen, erraustegiaren alde egin genezakeen moduan. Bi aukeren kostua garestia da, biak dira ingurumenarendako kaltegarriak, baina beharrezkoak dira. Zein aukeratu? Kostu kontua da. Aztertu eta komeni dena aukeratu behar da.

Atez atekoa erraustegiari alternatiba da?
Ez. Taradell da Katalunian gehien birziklatzen duen herria eta, halere, %15 bat dago ezin daitekeena birziklatu. Zer egin behar duzu horrekin? Edo zabortegira edo erraustegira eroan. Orain, egia da, bestalde, edukiontzien sistemarekin ez zaitezkeela ailegatu %80 birziklatzera. Gaur egun teknologia berriak daude eta gaur egun txip bitarteko edukiontziak ere badaude, baina...

Gaur egungo eta 80ko hamarkadako errauste plantak ez dira igualak.
Egia da. Eta egia da Paris erdian badagoela errauste planta bat.

Gurean ez bezala, Katalunian politika ez da nahastu hiri hondakinen kudeaketarekin, ezta?
Ez. Gure mankomunitatean hiru udalerritan CIUk dauka alkatetza eta gainerakoetan independenteek. Atze atekoa ezarrita dagien beste eskualde batzuetan, badira ERCko edo PSCko alkateak dituzten udalerriak. Atez atekoa ez da alderdi politiko jakin baten kontua Katalunian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak