Bergarako EAJ: "Bilduren herri partaidetza iruzurra da"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mar. 6a, 15:40

Jeltzaleen esanetan, Udal gobernua ematen ari den informazioa "gezurrezkoa" eta "manipulatzailea" da, eta "onartezina erabat" herri administrazio batean. Izan ere, jeltzaleen hitzetan, "Udal gobernuak jadanik hartuta du erabakia, baina erabaki hori ezkutatu nahian dabil, hondakin bilketa sistema bergararrek erabakiko dutela sinestaraziz". Albiste barruan duzue prentsa oharra osorik.

EAJkoen prentsa oharra, hitzez hitz:

BERGARAKO EAJ: "Bilduren herri partaidetza iruzurra da".

2. titularra: "Udal gobernuak jadanik hartuta duen erabakia ezkutatu nahi du, itxuraz, hondakin bilketa sistema bergararrek erabakiko dutela sinestaraziz".

3er titular: "Udal gobernua ematen ari den informazioa gezurrezkoa eta manipulatzailea da, herri administrazio batean era bat onartezina".

"Bergarako EAJko zinegotzi eta arduradunen iritziz, udal gobernuak antolatu dituen auzokako bilerak bergararrei iruzur egitea dira. Bilera hauek parte hartze prozesu bezala aurkeztu dituzte eta gainera erabakitzaileak izango direla diote. EAJk dio ez direla ez parte hartze bilerak eta ez eta erabakitzaileak ere. Udal gobernuak jadanik hartuta duen erabakia ezkutatu nahi du, itxuraz, hondakin bilketa sistema bergararrek erabakiko dutela sinestaraziz. Guztia erabakita dute. Bildu-Aralarrek planteatzen duen atez ateko eredua bideraezina da.Edukiontziak eta zintzilikarioak, guztiak, batera proposatzen ari dira, eredua guztiz zentzugabea delako eta bergararron  beharrentzat egokia ez delako. Jeltzaleek ez diete bilera hauei inolako zilegitasunik ematen. Bilera hauetara, orain arte egindakoetara bezala, jende gutxi joaten da eta ez dute zer ikusirik parte-hartze prozesu batekin ez eta gune erabakitzaile batekin. BILDU-Aralarrek, bilera hauekin beraien eredua zilegi bihurtzea eta babesa lortzea besterik ez dute nahi "guztion artean erabakitako eredua" dela "saltzeko". Bergararrek hitz egin dute poltsak balkoietan zintzilikatuz eta ia 5000 sinadura udaletxean aurkeztuz. Benetako parte hartzea GALDEKETA bidez egitea eskatzen dugu, bergarar bakoitzak bere iritzia eman eta erabakitzeko benetako aukera izan dezan. Bilduren herri partaidetza iruzurra da, erabateko inposaketa egiten ari dira eta bost axola zaio Bildu-Aralar gobernuari jendearen protesta, etxe atarietan aurkeztutako kexuak eta bergarar bakoitzaren intimitatea. "Bere" informazioa ematea ez da parte-hartze prozesua zabaltzea.  Jeltzaleek , bestalde, gogor salatu nahi dute Bergarako Udal gobernuak etxeetara bidalitako informazioa. Buzoietan jasotako esku paperetan informazioa era bat manipulatzen da: atez ate sistemarekin zaborrak era bat desagertzen direla azaltzen dute, ontzi guztiak birziklagarri direla, eta ez dela ez zabortegi eta ez errauskailuaren beharrik. Honekin, nahita,  erabateko iruzurra egiten diote bergarar orori. Zaborra ez da desagertzen, ontzi guztiak ezin dira birziklatu, errealitatea nahita ezkutatzen dute jendea engainatzeko.  Bergarako EAJk dio Atez atek ez diola hondakinen tratamenduari irtenbiderik ematen, are gehiago, arazoak gehitu egingo dituztela bide honetatik. Beste lurralde batzuetan, Bizkaian esaterako, irtenbideak aurkitu dituzte, eta herritarrei gauzak errazteko lanean aritzen dira, ez herritarrei oztopoak jartzen, eta guztia Europako ingurumen eta hondakinei buruzko zuzentarauak beteaz. Jeltzaleek bosgarren edukiontzia giltzarekin berresten dute beste edukiontziekin batera, beste edozein hondakin bilketak bezain emaitza onak lortzen direlako eta Europako zuzentarauak betetzeaz gain, bide demokratiko bezala pedagogiaren aldeko apustua egin nahi dutelako eta  bergararrak kontzientziatzea lortzen delako.  Ez dugu Bilduren inposaketa hau onartzen. Gipuzkoar gehienek alferrikako esfortzu hau ez dute egingo eta gutxi batzuk besterik ez gara izango "ezinezko gurutzada" honetan. Zarautzen, Donostian, Urretxun, Beasainen, 5. edukiontziari aukera eman diote eta Bergaran zergatik ez? Azkenik, Bergarako EAJk, argi utzi nahi du ez duela bilera hauetan parte hartuko, ez diolako iruzur honi babesik emango".

BERGARAko  EAJ                                             Bergaran, 2013ko Martxoaren 5ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak