Halaxe dio: "Prentsaurrekoan kazetari batek bileretara joandako pertsonen jarreraz galdetu zion alkateari eta honek erantzun zion orokorrean bilerak ondo joan direla, elkarrizketa bideratu dela eta balorazio ona egiten zuela. Kazetariak, 'bileratara joan diren guztiek izan dute jarrera ona?' –berriz ere–, 'tira, beti egoten da ardi beltzen bat', alkatearen erantzuna".
Bada, oharrean jasotzen denez, "adierazpen hau erabat testuingurutik atera da, eta bileren emaitza txukuna desitxuratzen ari da modu guztiz interesatuan. Izan ere, 'ardi beltza' esanda bilera batean pertsona konkretu batek udaleko ordezkarienganako izan zuen jarrera bortitz eta guztiz gizalegez kanpokoari egin zion erreferentzia alkateak".
Horren guztiaren aurrean argi laga nahi dute "guztiz ez ohikoak izan direla horrelako jarrerak eta, oro har, herritarren aldetik bilerotan egin diren adierazpenak, bilketa sistemaren aldeko nahiz kontrakoak izan, modu txukunean egin direla eta herritarrek oso ondo baloratu izan dutela beraiengana hurbiltzea.
Horrekin guztiarekin batera, barkamena ere eskatzen du Udal gobernu taldeak oharrean: "Ohar horren bitartez barkamena eskatu nahi diegu adierazpen honegatik irainduta sentitu diren herritarrei".