Errefusa eta organikoa atez ate bilduko dira Bergaran, eta papera eta ontzi arinen bilketa nola egin herritarrek erabakiko dute

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko ots. 28a, 11:30

Horixe da Bergarako udal gobernuaren proposamena, "guztion artean Bergarara hobekien egokitzen den sistema bilatzeko". Hondakinak ateratzeko ordutegia ere herritarrek erabakiko dute datozen bi astetan egingo dituzten zazpi saio parte-hartzailetan. Osoko bilkuren aretoan erakusketa dago bilketa puntuak non egongo diren erakusteko; alegazioak aurkezteko azken eguna martxoak 22 da.

Errefusa eta materia organikoa esetokien bidez atez ate jasotzeko erabakia hartu du Bergarako udal gobernuak. Papera eta ontzi arinen bilketa nola egin, berriz, herritarrek erabakiko dute, datozen bi astetan egingo dituzten zazpi parte-hartze saioetan. Baita hondakinak ateratzeko ordutegia ere. Birziklagarria dena banaturik jasotzea ziurtatuko duen bilketa sistema ezartzea nahi du Bergarako udal gobernuak, gutxieneko %75-80eko gaikako bilketa bat ahalbideratzen duen sistema, eta helburu horrekin hartu ditu erabaki horiek.

 

Errefusa eta organikoa 

“Berez birziklagarria dena organiko eta errefuxarekin nahasten badugu, ezin da birziklatu, zaborra bihurtzen da. Gaikako bilketan ezinbestekoa da guztiok bi frakzio horiek ondo bereiztea, eta horregatik atez ate jasoko dira”, azaldu zuen Leire Iruin ingurumen zinegotziak atzo udal gobernuak osoko bilkuren aretoan egindako prentsaurrean. “Bilketa indibidual honek ahalbideratzen du organikoa gaizki bereizten duen norbanakoari ondo egiten erakutsi ahal izatea. Bestalde, 5. edukiontziarekin batek gaizki egiten badu, ontzi guztia zapuztuko luke”, gaineratu zuen. Errefusa eta organikoa atez ate biltzeko, gaur eguno zaborraren edukiontzi berdea kendu egingo dute, “honek ahalbideratzen baitu bereizketa borondatezkoa izatea”.

Papera eta kartoia eta ontzi arinak

Papera eta ontzi arinen bilketari buruz, bi proposamen luzatzen die udalak herritarrei, euren erabaki dezaten: bi materi horiek edukiontzietan bildu orain arte egiten den bezala, edo atez ate bildu esekitokien bidez. Papera atez ate biltzea erabakitzen bada, beste bi aukera ditu herritarrak: norberak norbere papera jaso kuboan, edo edukiontzi handi bat jarri atarian. Bigarren kasu horretan, familia bakoitzak nahi duenean bota dezake bertara papera eta kartoia, eta arduradun batek finkatutako egun eta orduan atera beharko luke bilketa puntura, gehinez astean behin.

Ontzi arinak eta papera eta kartoia orain arte bezala edukiontzietan biltzen jarraitzea erabakitzen bada, hiru hilabeteko probaldia egongo da. “Denbora horretan ikusiko da jendeak ondo birziklatzen duen edo ez. Ondo eginez gero, egungo kopurua baino altuagoa izan beharko litzateke. Gaizki egiten bada, berriz, atez ateko sistema aplikatu beharko genuke materia horietan ere”, aurreratu zuen Iruinek. Bi aukera hauetako bakoitzak zer eskaintzen edo eskatzen duen jakiteko eta herritarrekin egingo diren parte-hartze saioak noiz eta non diren azaltzeko, eskuorriak etxez etxe banatuko ditu udalak aste honetatik aurrera.

Beiraren, olioaren eta ohialen edukiontziak mantendu egingo dituzte.

Ordutegia

Hondakinen bilketa gauez egingo da, 23:00etatik aurrera. Hondakinak ze ordutatik aurrera atera baina, herritarrek erabakiko dute. “Posible da, gainera, neguan ordutegi bat egotea eta udan beste bat”, zehaztu zuen Iruin ingurumen zinegotziak.


Bilketa puntuak

Bilketa puntu gehienak egun edukiontziak dauden tokietan egongo dira gero ere, gutxi gorabehera, nahiz eta salbuespenak egon daitezkeen. Bilketa puntuak erakusteko, erakusketa bat zabaldu duten osoko bilkuren aretoan. Herriko kale eta auzo ezberdinetan bilketa puntuak non egongo diren ikusten da, grafikoki. Erakusketara doan herritarrak bere kaleko planoen fotokopiak hartu ahal ditu estera eramateko. Bilketa puntua egokia ez bazio iruditzen, alegazioa aurkeztu dezake. Alegazio hori, baina, atariko bizilagun guztien izenean aurkeztu behar dira. Erakusketa martxoaren 21era arte egongo da zabalik, astelehenetik eguenera 10:00etatik 19:00etara eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00etara. Bertan Mankomunitateko langileak egongo dira azalpenak eta argibideak emateko. Alegazioak aurkezteko azken eguna.


Erakusketa horretan, herrian egongo diren bi larrialdi guneen planoak ere badaude: Labegaraietako tenis pistaren ondoko berdegunean bat eta Matxiategiko aparkaleku handiaren ondoan beste bat. Horrez gain, herriko 15 auzoetako ekarpen guneak ere non egongo diren agertzen da, argazki eta guzti.

Erakusketan falta den herriko gune bakarra alde zaharra da. “Gune horrek tratamendu berezia behar du eta hori dela eta, erakusketa berezi bat antolatuko dugu aurrerago”, azaldu du Iruinek udal gobernuko kideen izenean.

Bilerak noiz eta non

Herritarrekin parte-hartze saioak egingo diren egunak, tokiak eta orduak dira:

  • Matxiategi, San Lorentzo eta Zubieta inguruak: martxoak 5, 18:30ean Ipintza institutuan
  • Bolu, Burdiñate eta Frontoi inguruak: martxoak 6, 18:30ean Aranzadi ikastolan
  • Herritar denendako irekia: martxoak 7, 10:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan
  • Ibargarai, Torrekua, Espoloia, Zabalotegi eta inguruak: martxoak 7, 18:30ean Aranzadi ikastolan
  • San Antoniotik Labegaraietara: martxoak 12, 18:30ean Labegaraietan
  • Alde zaharra: martxoak 13, 18:30ean Aranzadi ikastolan
  • Osintxu: martxoak 14, 18:30ean Osintxun

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak