Mikel Ozaita: "Hizkuntzak munduko kultura altxorrak dira eta denok gaude behartuta horiek babestera"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko ots. 23a, 01:00

Hizkuntzen ekologia geroago eta gehiago erabiltzen da soziolinguistikan-eta. Gai hori hartuta berbaldia eskaini du Bergaran Mikel Ozaita Topaguneko teknikariak. Oro har, munduko hizkuntzen harremanak eta hizkuntza aniztasunaren balioa izan ditu berbetagai gizarte antropologoak.

Euskara Elkarteen Federazioak, Topaguneak, kongresuak egin ditu Bilbon azken bi urteotan. Ze ondoriotara ailegatu zarete?

Euskara elkarteak sortu ziren txanpinoiak bezala eta orain arte ibili dira nor bere txokoan lanean. Aurrerantzean, gizarte mugimendu batean egituratu dira, orain arte egindakoa birpentsatu da, gaur egungo egoeretara egokituz. Bestalde, ahalegin berezia egin behar dute elkarteek bulegotik plazara jaisteko, eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak bultzatu behar dira.

Hizkuntzen ekologia geroago eta gehiago entzuten den eta erabiltzen den kontzeptua da. Zer da, zeri buruz dihardugu hizkuntza ekologiari buruz dihardugunean?

Munduko hizkuntza aniztasuna oso aberatsa da; 6.000 hizkuntza ezberdin daude munduan, baina bi astetik behin hizkuntza bat galtzen da. Hizkuntzak gure ekarpen kulturalean berebiziko garrantzia dauka. Horregatik zaindu eta errespetatu behar dugu hizkuntza aniztasun hori. Bestalde, hizkuntza ekologia hiru ildotan banatzen dugu: ezagutza zientifikoa (hizkuntzak eta bere ingurunea…), etika (balioak, hizkuntzen arteko bizikidetza bermatzeko gakoak) eta, azkenik, ekintza (egoera gutxituan dauden hizkuntzak normalizatzeko ze prozesu, ze ekimen, antolatzen den). 

Hizkuntza aniztasuna aberasgarria, onuragarria eta eraginkorra da?

Bai. Ikuspegi globaletik begiratuta, kultura bakoitzak mundu ikuskera bat dauka, berezia, berea, propioa. Horregatik, gizaki bizidunen zaintza onartuta daukagun moduan, gizakiak sortutako adierazpen kultural bat, hizkuntza, ezin dezakegu galtzen utzi. Zaindu, bermatu, egin behar dugu haren iraupena. 

Zeintzuk dira hizkuntzen ekologiaren, hizkuntza aniztasunaren, oztopo nagusiak?

Hamahiru aipatzen ditugu guk. Esate baterako: estatuak sortu zirenean, ez ziren aintzat hartu kulturak, hizkuntza komunitateak… Eta estatu bakoitzak bere hizkuntza aldarrikatu zuen, beste hizkuntza batzuen kaltetan. Bestalde, kolonialismoak ere kalte handia egin zion hizkuntza edo kultura aniztasunari… Eta aipatu behar da, era berean, hainbat hiztun komunitateren lege babesik eza, bere kultura propioa garatzeko; edo botere ekonomikoak, guduak, migrazio mugimenduak, kultura asimilazioak…

Mundu globalizatu honetan, nazioarteko hizkuntza handien gehiegizko erabilpena zelan saihestu daiteke?

Gakoa da hizkuntza konkretu batzuen, indartsuenen, gehiegizko erabilpena. Eta hori saihesteko modua da hizkuntza bakoitzaren esparrua, funtzioa… zehaztea. Demagun, Donostian, nazioarteko kongresu bat egiten bada, logikoa da ingelesez egitea. Baina, egiten bada Euskal Herriko kontuen gainekoa, euskal eragileekin, euskaraz izan beharko luke. Hegemonia guneak zehaztea eta hizkuntza txikiek hegemonia gune horiek irabazten joatea da gakoa. Hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik, munduko aniztasuna zaintzeko guk egin dezakeguna da geurea zaintzea, euskara zaintzea. Eta, horregatik, esaterako, Goiena euskaraz da, eta Debagoieneko hizkuntza komunitateari egiten dion oinarri oinarrizko ekarpena oso garrantzitsua da. Arrisku egoeran dagoen euskara, normalizazio egoeran jartzea izango litzateke geuk munduko hizkuntza aniztasuna bermatze aldera egin genezakeen ekarpen nagusia.  

Mundu mailako erakundeek, estatuek, zein erakunde lokalek, hizkuntza aniztasuna bultzatzeko ahaleginik egiten dute, tresnarik jartzen dute?

Nazioarteko tratatuak badaude, Europako Hizkuntzen Legea eta beste, baina errealitatea da lege edo tratatu horiek ez dituztela aintzat hartzen estatuek.

Hizkuntzen aniztasuna bermatzeko eta hizkuntza txikiak bizirauteko, zer da garrantzitsuagoa, estatuen edo erakundeen borondatea eta neurriak, edo hiztunen euren borondatea eta hizkuntzaren erabilera?

Biak dira ezinbestekoak. Norbere eskuetan dagoena egin behar du bakoitzak. Eta erakundeek ere beren zeregina dute. Ekologismoa, feminismoa… hasieran, bazterreko edo muturreko aldarrikapenak ziren. Gerora, botereak asimilatu ditu. Batzuetan gertatzen da botereak herri mugimenduaren proposamenak hartu eta edukiz husten dituela eta horrekin kontuz ibili behar da. Europan 60 hizkuntza daude, baina bertako hizkuntza ofizialak 20 dira. Europako erakundeek eurek ere errespetatu behar dute duten altxorra, ze ez gabiltza hizkuntza kolonizatzaileez hitz egiten, bertakoez baizik. Hizkuntzak munduko altxorrak, aberastasun kulturalak, dira eta behartuta gaude zaintzera eta horretarako neurriak jartzera, bai pertsonok eta baita erakundeek ere. 

Hizkuntza txiki asko desagertzeko joera hori saihestezina da?

Globalizazioarekin, industrializazioarekin eta botere ekonomikoen garapenarekin, hizkuntza batzuk desagertzen doaz. Zer egin? Guk geuk, euskaldunok, geurea zaindu eta gure esperientzia zabaldu. Garabidek egiten du hori, esaterako, hizkuntza indigenekin.

Internet, teknologia eta hedabide berriak, har ditzakegu hizkuntza aniztasunaren etsai moduan?

Inprenta izan zen hizkuntza txikien galerarako tresna, hizkuntza boteretsuenen alde. Baina teknologia berriekin jarraipen eta irekidura bat eman daiteke eta jakin behar dugu teknologia berriak erabiltzen, hor egoten. Mundu aurreratu honetako baliabide ahalik eta gehienak baliatu behar ditugu euskal hiztunen komunitatea puntan egon dadin. 

Gizakiaren joerak kezkagarriak dira hizkuntzen biziraupenerako eta hizkuntza ekologiarendako?

Behar dugu baikortasun kritikoa, ekintzarako egokiena delako. Ezkortasunak etsipena dakar. Euskara arriskuan dagoen hizkuntza da, baina arrisku bigun egoeran dago. Ezin gara erlaxatu. Munduko hizkuntza aniztasunari egin diezaiokegun ekarpenik onena da geure bultzatzea. Unibertsaltasuna etxetik hasten da. Mundura irekia, baina etxekoa babestuta. 

Amaitu berri da Badu bada erakusketa, euskararen gainekoa. San Telmo museoko bisitatuena izan da…

Erakusketaren oso balorazio positiboa egiten dut. Beste hizkuntza batzuetako jendea ere etorri da erakusketara eta aukera eman digu euskara ze egoeratan dagoen ezagutzera emateko. Laburbiltzen du ondo azkeneko urteotan denok egin dugun lana eta azpimarratzen du oraindik ere gutxiengoan gaudela. Beste dohain bat ere badu erakusketak eta da geure hizkuntzaren gaineko erakusketa geuk egin dugula, geure, euskaldunon, ikuspuntutik. Bazen garaia!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak