Neguak oraindik guztiz bereak egin ez baditu ere, zapatu goiz eguzkitsua aliatu ezin hobea izan zen azokaren arrakastarako. Hogei bat postu egon ziren eta bitxikeria eta kapritxo ugari ere aurki zitekeen sasoiko nartziso, ziklamen eta hiazintoekin batera. Kaktus bereziak, aleo verak eta mota guztietako bonsaiek kuriosoenen begiradak erakarri zituzten. Eta saltzaileak ere pozik, salmenta aldetik azoka egun ona izan baitzen, "aurreko asteetan ez bezala", azaltzen zutenez.