Estepan Plazaola: "Gazteak euskarazko hedabideetara ekartzeko modua da eurentzat egin ordez eurekin egitea"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko ots. 5a, 01:00

Gaztetxo eta nerabezaroek, adinean aurrera egin ahala, gaztelaniaz aritzeko geroago eta joera handiagoa dute. Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak 9-14 urteko ikasleekin egindako ikerketa batek. Aisialdian, eskolaz kanpoko jardueretan, hedabideetan... eragin beharraz mintzatu dira agintariak. Bergarako Udaleko Euskara teknikari eta Goiena Komunikazio Taldeko presidente Estepan Plazaola ere iritzi berekoa da.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman duen txosten batek dio 9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek geroago eta gehiago egiten dutela gaztelaniaz eskola giroan. Atzera egin dugu azkeneko urteotan?

Ikerketak ez du azaltzen aurreragoko datuekiko konparaziorik, baina bai adierazten du 9 urtekoen erabileratik 14 urtekoen erabilerara jaitsiera nabarmena dagoela. Hau da, ikasle gehienen kasuan adinean gora egin ahala euskararen galera prozesu bat dagoela. Hori da kezkagarria. 

Horren arrazoiak era askotakoak izango dira, ezta?

Bai, baina bat azpimarratzekotan honakoa azpimarratuko nuke: ume edo gazteak zer ingurune duen, zer hizkuntza elikabide duen. Azken finean, umearen lehen urteetan familiak eta eskolak hartzen dute pisu nagusia, baina adinean gora egin ahala gizarteko beste eremu batzuen presentzia nabarmen hazten da: eskolaz kanpoko jarduerak, hedabideak eta kultur produkzioa, lagunak... Kontuan hartu behar dugu 14 urteko gazte batek esna pasatzen dituen orduen %60 inguru aipatu ditudan hiru eremu horietan ematen dituela eta hor gaztelania dela nagusi. Horri gehitzen badiogu hainbat familiatan ere ohikoa dela ume txikiei euskaraz egin eta nagusitutakoan gaztelaniaz egitea, ondorioa garbia da: gazte batzuek euskaraz egiten duten apurra eskolan egiten dute. 

Azkeneko 30 urteotan, euskararen erabileran, aurrera ala atzera egin dugu, oro har?

Nik esango nuke, oro har, azkeneko 30 urteetan hobera egin dela. Adibide bat jartzearren, Bergarako kaleko erabileraren neurketak hartzen baditugu, konturatuko gara orain dela 30 urte zaharrak zirela euskaraz gehien egiten zutenak eta gazteak gutxien egiten zutenak. Emaitza horiek galbidean zegoen hizkuntza bat erakusten zuten. Gaur egun haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien egiten dutenak eta zaharrak gutxien egiten dutenak. Berreskuratze-prozesu bat izan du. Hala ere, kezkatzekoa da azkeneko urteetan berreskuratze-prosesu hori nolabait geratu edo, gutxienez, moteldu izana.

Hurrengo 30 urteei begira, errezetek berdinak izan behar dute?

Ez, ezin dira berdinak izan. Hasteko, azkeneko urteetan gizartea nabarmen aldatu da: familiaren pisua apaldu eta hedabideena nabarmen hazi da, lagunartea bera ere sare sozialekin aldatu egin da, beste hizkuntza batzuen presentzia handitu da, etorkinen etorrera ere hor dugu... Bestalde, orain arteko ibilbideak ere zerbait erakutsi digu, besteak beste, eskolak bere mugak dituela eta bere lana osatu beharra dugula: eskolak eta eskolaz kanpoko munduak elkarrekin jardun behar dutela. Ikaskizun horiek ere kontuan hartu behar dira.

Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu du aisialdian eragin behar dela. Hala uste duzu?

Bueno, aisialdia oso eremu garrantzitsua da. Eskolaz kanpoko jarduera antolatuak eta lagunartea hartzen baditugu, gazte baten bizitzaren zati handia hartzen dute. Baina lehen aipatu ditudan beste eremuak ere oso garrantzitsuak dira: familia, hedabideak eta kultur kontsumoa, lagunartea... Gertatzen dena da non eragin erabakitzerakoan kontuan hartu behar dugula arlo bakoitzean eragiteko dugun aukera eta erraztasuna ere, eta, seguruena, eskolaz kanpoko mundu antolatu horretan eragitea errazagoa izango zaigu, etxeko hizkuntza erabileran edo hedabide handien arloan eragitea baino. Bestalde, aisialdiak badu oso ezaugarri positiboa: hizkuntza ondo pasatzearekin, gozatzearekin, lotzen duela eta hori behar-beharrezkoa dugu, euskara gehienetan eskolarekin, nekearekin... lotzen dugulako.

Bergarako Udalean ere badiharduzue gogoeta estrategikoa egiten. Zein aurreikusten da izan litekeela hurrengo urteetarako lehentasunezko arloa?

Arlo bat baino gehiago izango dira baina nagusia aipatu dugun horixe izango da: gazteen aisialdiko erabilerarena, ahozko erabilera informalarena. Horren inguruan Soziolinguistika Klusterrarekin batera 4-5 urteko proiektu piloto bat jarri nahi dugu abian.

Kirol mundua euskalduntzeko plan berezi bat lantzen ere badiharduzue. Kontatuko diguzu zertan den?

Kirol munduan hainbat ekimen ditugu, batzuek bailara mailan eta beste batzuek Bergaran. Alde batetik, Udalak berak eskaintzen dituen kirol ikastaroak euskaraz eskaintzea. Bestetik, berriz, kirol-klubekin batera bideratzen dihardugun lana dugu. Lan horren helburua da 4-5 urteko epean 18 urtez azpiko ume eta gazteei eskaintzen zaizkien entrenamenduak euskaraz eskaintzea. Horretarako, klubekin urtez urteko helburuak adosten ditugu eta horiei jarraipena egiten diegu. Era berean, Aretxabaletako Kirol Elkartean hasitako Eskua proiektua ere bailarako beste herrietan zabaltzen hasi gara aurten.

Hedabideak ezinbesteko baliabide dira normalizazioan?

Hedabideen pisua oso handia da gaur eguneko bizitzan. Ume edo gazte batek askoz denbora gehiago ematen du hedabideen aurrean eskolan baino. Hiztunen arteko komunikazioa aurrez aurrekoa izan liteke edo beste medio batzuen bidezkoa (hedabideak, Internet...) eta garbi dago urteen joanean bigarren horiek gero eta pisu handiagoa hartzen ari direla: hedabideen bidez jakiten ditugu berriak, hedabideetan entzun edo irakurritakoen gainean berba egiten dugu, hedabideetara jotzen dugu gozamen bila, Internet bidez komunikatzen gara lagunekin... Hedabideak eta Internet gure bizitzaren erdi-erdian daude. Euskarak etorkizunik izango badu, ezinbestekoa da mundu horretan ere euskaldunok hiztun komunitate sendo bat osatzea.

Euskarazko hedabideak kontsumitzen dituzte gazteek?

Bai baina erdarazkoen nagusitasuna handia da, bereziki telebistaren kasuan. Datuek esaten digutenez, beste euskarrietan (prentsan, Interneten...) gaztelania nagusi izan arren, emaitzak hobeak dira.

Zela eragin liteke arlo horretan? 

Ez da erraza, beste hizkuntza batzuetako baliabideak eta eskaintza ikaragarria delako. Hala ere, pentsatzen dut baditugula aukerak. Adibidez, euskarak Interneten presentzia handiagoa du hiztun gehiagoko munduko beste hizkuntza askok baino. Hori komunitate bizi eta partehartzaile bati esker da. Gazteak euskarazko hedabideen eta Interneten mundura ekartzeko bidea hortik etor liteke, partaide bihurtzetik: eurentzat egin ordez eurekin egitetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak