Fraking Ez Araba taldeko kide zara. Zeintzuk batzen zarete talde ho-rretan?
Plataforma irekia da, hainbat talde, elkarte, alderdi politiko, sindikatu eta norbanakok osatzen dute taldea. Manifestu baten inguruan, teknika horren kontrako ekimenak burutzen ditugu. Asanblada eragile bat dauka taldeak, asanblada irekia. 2011n sortu zen eta herritarrei informatzea da gure helburuetako bat, gainera datorkigunaz berba egitea. Era berean, azpimarratu behar dut iaz urrian Gasteizen oso manifestazio jendetsua egin genuela, Gasteizen inoiz egin den jendetsuenekoa, 13.000 lagun inguru batu ginen bertara. Horretaz gain, hainbat udaletan mozioak aurkezten gabiltza, gasa lurpetik ateratzeko fraking teknika erabiliz egin nahi dituzten zundaketen harira.
Fraking berba oraindik ere arrotza da askorendako…
Bai, egia da, baina frakinga ez da teknika berria. Frakinga haustura hidraulikoa da. Modu laburrean esanda, hauxe: gas ez konbentzionala erausteko teknika bat. Harrian, pinporta txikietan, harrapatuta dagoen gasa erausteko teknika. Gasa pinporta txiki horietatik ateratzea zaila denez, harria hautsi egiten da, gas molekula horiek libre geratzeko eta erausteko. Eta, hori egiteko, ur txorrota bortitzak erabiltzen dira, ikaragarrizko presiokoak. Zehazki, ura, beste gehigarri batzuk eta harea erabiliz, 700 atmosferako presioko txorrotak jaurtitzen zaizkio harriari. Betiere, lur azpian dagoen harriaz eta gasaz ari gara.
Teknika ez dela berria diozu...
Hala da, 70eko hamarkadan hasi ziren garatzen eta erabiltzen Ameriketako Estatu Batuetan. Ez zen errentagarria izan urte askoan, baina 2000. urte inguruan hasi ziren erabiltzen errentagarria zelakoan, bereziki, zenbait baldintzapetan. Izan ere, garai hartan, gasaren prezioa handia zen eta 2005ean sortu zen lege berezi bat ahalbidetzen zuena zenbait ingurumen lege ez betetzea, Energy Policy Act delakoa, Dick Cheney Bushen bigarrenaren ardurapean. Traba burokratiko gehienak kenduta, 2005ean hasi zen teknika hau erabiliz gasa lurpetik modu masiboan erausten. Baina, gasaren prezioa murriztu egin zenean, teknika hau erabilita gasa ateratzea horren errentagarri ez zela ikusita, munduan barrena hedatu zuten. Eta hala heldu da Europara eta Euskal Herrira ere. Horretarako, Bushen gobernuak sortu zuen The Global Shale Gas Iniciative delakoa, frakinga zabaltzeko.
Europan ere hedatzen joan da, hortaz?
Bai, Polonian, esate baterako. Boom espekulatibo batean murgilduta gaude eta itxaropenak sortzen ari dira, hidrokarburoen mendekotasunaren karrera hau ahalik eta aurreren eroateko, beste energia jasangarriago mota batzuetarako trantsizioa atzeratzeko. Saihestezina den talka baten atzerapena besterik ez da. Oso modu arduragabean egina, gainera, ingurumenarekiko eta osasunarekiko sor ditzakeen kalteak handiak direlako.
Euskal Herrian non egin nahi da?
Jendeak uste du Arabako kontu bat dela, baina Euskal Herri osoan daude emakida eskariak. Araban, egia da, petrolioa edota gasa lurpetik ateratzeko hainbat saiakera eta zundaketa egin direla aspaldian. Hori da, esaterako, hidrokarburoen esplorazioa eta ustiapena egitea helburu duen Euskadiko Hidrokarburoak erakundea sortzeko arrazoia. Halere, Gipuzkoan bi emakida daude, eta Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean ere badira asmoak. Kantaurialdeko arroko zenbait plaka geologikotan zerbait atera nahi dute.
Zundaketak egiteko ere erabiltzen da frakinga?
Bai. Gas ustiaketa bat errentagarria izango den jakiteko frakinga erabiltzen da zundaketetan eta kaltea egiten da.
Ingumenarekiko kaltegarria da?
Bai, batetik, ur kantitate handiak erabiltzen direlako eta ura etorkizunean baliotsuagoa izango da gasa baino, ura eskasagoa izango delako. Bestetik, ur txorrota ez da urezkoa bakarrik, beste zenbait osagai kutsagarri eta kaltegarri eta area ere badauzka. Eta, azkenik, klima aldaketaren aurkako borroka atzeratu egiten da hidrokarburoen aldeko apustua egiten delako.
Osasunarendako?
Frakinga egiteko erabiltzen den urari hainbat sustantzia kutsagarri sartzen zaizkio. Horiek minbizia sor dezakete, mutagenikoak dira; hormonen sisteman kaletak egiteko ahalmena dute...
Ze gas kopuruz dihardugu?
Oso txikiaz. Aurreikuspenak handiak izan arren, benetan erausten dena ez da horrenbeste. Hori ikusi dugu Polonian. Urte gutxiren buruan asko murrizten da ateratzen den gasa.
Teknika segurua da?
Kontrakoa, oso arriskutsua da. Gainera kutsatzen ditu lur aziko zein lur azaleko urak; gas ihesak gertatzen dira, akuiferoak pozoitzen dira…
Gipuzkoan non egin nahi dituzte zundaketak?
Oraingoz bi eskaera egin dituzte, lurralde osoari eragiten diotenak. Batean, Sustraia deiturikoan, Bergara dago erdi-erdian. Oñatitik Elgoibar Iparralderaino eta Elorriotik Azpeitiko mugaraino doa frakinga erabiliz gasa lurpetik ateratzeko eta ustiatzeko zundatu nahi duten eremu hori. 56.000 hektareako lur eremua da. Bestetik, Tolosaldean, Durangaldean, Araban, Ebro aldean, Nafarroan…, asko dira eskaerak. Ikerketa baimenak dira.
Zundaketak egiteko eta gasa ateratzeko hobiak erabiltzen di- tuzte?
Bai, eta ez gabiltza hobi bakarraz hitz egiten. Hobi eta dorre bat jartzen da, baina handik urtebetera, haren ekoizpen ahalmena %65 gutxitzen da eta ondoan beste hobi bat jartzen da. Horrela etengabe, lur azala eta azpia zulatuz. Industrializazio sakabanatuaz ari gara, non eremu zabalak hobiz eta dorrez betetzen diren.
Ze eremu hartzen dute dorreek?
Bi hektareako bi edo lau dorre eta hobi erabil daitezke. Dorrea ez da horren altua.
Energetikoki burujabe izateko aukera bat da?
Gauza bat dira aurreikuspenak edo itxaropenak, baina orain arteko esperientziek erakusten dute hasierako aurreikuspenetatik oso urrun dagoela benetan lortzen den gas kopurua eta, batez ere, urtebeteren buruan asko murrizten dela gas ustiaketa ahalmena. Patxi Lopezek esan zuen hemen lor daitekeenarekin ematen digula burujabetza energetikoa 60 urtetarako Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoa kontuan izanik. Ameskeria da. Beste industrializazio bat garatzeko kimera, oraingo eredu energetikoari eusteko aitzakia.