Bergarako EAJk salatu du parte-hartze prozesua "gezur hutsa" dela

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urt. 17a, 18:45

Hiri hondakinen kudeaketarekin lotuta, prentsaurrekoa eskaini du eguen goizean Bergarako EAJk. Bertan azaldu du Bergarako alkateak ez dituela geldiaraziko Mankomunitateak atez atekoarekin lotuta hartutako erabakiak eta egindako inbertsio eta esleipenak, eta bosgarren edukiontzia ez duela aukera moduan kontuan hartu ere egiten. Alkatearen erantzunak asko kezkatzen dituela adierazi dute jeltzaleek eta Bergarako Bilduri "herritarrekiko errespetu falta" egotzi diote. Prentsa oharra osorik, albiste barruan.

Horrela dio prentsa oharrak:

"Bergarako alkateak Mankomunitatearekin bat egiten du: atez ate aukera bakarra.

Bilduk proposatzen duen "Herriarekin adostasuna" gezur hutsa da: Dagoeneko esleitu dira zintzilikario eta kuboak erosteko kontratuak. Erabakia hartuta dago.

Bergarako Udal Gobernuak planteatzen duen parte hartze prozesuan Bergararrek ez dute erabakiko atez ate ezarri ala ez. Iruzurra egin nahi zaio Bergarako herritar guztiei esanez denon artean hartuko dela erabakia.

Bergarako EAJko Udaltaldeak, idatzi bat helarazi zion Alkateari honakoa eskatuz: abian jarri nahi duen parte hartze prozesua benetakoa bada, jendearen esku egongo bada atez ate jarri edo ez erabakitzea, eska zezala Mankomunitatean, Atez ateko sistemaren aldeko erabaki, inbertsio eta kontratu esleipenak geldiarazi edo bertan behera uztea benetako parte hartze prozesu hori bukatu arte. EAJko Udal taldeko bozeramaileak, Aintzane Oiarbidek esan duenez, idatziz eman die erantzun hau alkateak eta geroztik izandako bilera batean, gauza bera berresteaz gain 5. edukiontzia ez duela aukera bezala onartzen baieztatu dio EAJren Udal taldeari.

Maite Barrena eta Aintzane Oiarbide zinegotziak eta Victoriano Gallastegi Bergarako UBBeko lehendakariak emandako prentsaurrekoan, honokoa gaineratu dute: Mankomunitateko txosten eta aurrekontuak aldatzen ari dira hilabete gutxiren buruan. Ez dakite nola egin, ze koste izango duen Mankomunitatearentzat, ze koste Udal bakoitzarentzat eta nola jakingo dute zenbat igoko zaigun erreziboa herritarroi? Mankomunitateko agintariek (Bilduk) daramaten nora eza oso kezkagarria da alde ekonomikotik ikusita ere.

Aldi berean, Jeltzaleek diote "agerian geratu dela" Bilduk bergararrei den errespetu falta. Atez atekoaren aurka eta 5. edukiontziaren alde 4.691 sinadura jaso eta gero eta Bergarako balkoi eta lehioetan milaka poltsa zintzilikatu ondoren, Alkatearen erantzunak asko kezkatzen dituela. "Kalera irten eta arazoa bertan daukatela ikusi besterik ez dute" Orain urtebete BiLduk hartu zuen erabaki politikoa herriarekin kontatu gabe eta orain, Mankomunitatean atez ate sistemaren aldeko erabakiak hartzen eta esleipenak egiten ari direnean eta atzera ez dutela egingo esan ondoren, ez dugu onartzen Herritarrekin" parte hartze eraikitzailea" egingo dutela esatea. Parte hartu zertan? Gure etxe aurrean edo atari barruan jarri behar diren zintzilikarioak eta bestelako ontziak? Ezin dira milaka herritar bando batekin engainatu. Oiarbideren iritziz, Bilduk, arazorik ez zegoen lekuan izugarrizko arazoa sortu du eta galdera bota dio Bergarako Udal Gobernuari: Ez al daukagu gaur egun zaborren kudeaketa hankaz gora jartzea baino arazo handiagorik? Herriak hitzegin du eta Debagoienean ia 17.000 sinadurek ere hitzegin dute. Eta Gipuzkoa osoan 70.000tik gora dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak