Auzo-konpostaren lehenengo proba aitzindaria martxan jarri dute dagoeneko Bergarako Labegaraieta auzoan. Auzo-konposta egiteko ideia auzotarrengandik jaso zuten Udalean, izan ere, bertako lagun talde batek ortua dauka ondoan eta auzokonposta egiteko gunea gaur zabalduta, pozik eta era berean urduri daudela azaldu digu Iñaki Mujika auzotarrak.
Momentuz, 12 familiak eman dute izena Labegaraietan auzokonposta egiteko. Hala ere, Leire Iruin zinegotziak azaldu digu gune handiagoa egokitu dutela aurrerago inguruko familia batzuk interesa azaltzen badute guztiondako tokia izateko.
Familia bakoitzak bere giltza izango du eta nahi duenean eraman ahal izango du organikoa gune horretara; egutegi eta ordutegi barik.
Bertako konposta erabiltzeko lehentasuna, auzokonposta egiten duten familiek izango dutela azaldu digu Iruin zinegotziak eta soberan gelditzen dena Udalak hartuko du herrian erabiltzeko.
Gaur goizean banatu zaizkie kuboak eta auzokonposta guneko giltzak auzotarrei. Gogoz ekingo diote auzokonposta egiteari.
Osintxun eta erdiguneko beste pare bat tokitan
Labegaraietan, beraz, hasi dira auzokonposta egiten eta konposta egiten dutenek gainera %25eko hobariak izango dituztela aurreikusten dute Udaletik. Orain aukerak aztertzen ari da herriko beste txoko batzuetan guneak egokitzeko.
Iruin zinegotziak esan digu datorren astelehenean Osintxura joango direla azalpenak ematera eta asmoa dutela bertan gune bat egokitzeko.
Erdigunean beste bi gune jartzea aurreikusten dutela ere gaineratu digu; bata Ibargarai inguruan, eta bestea, kanporago. Eskaeren arabera erabakiko dute non jarri baina aurreikusten dute hiru hilabeteko epean gune horiek egokituta izatea.
Urtean zehar eskaera gehiago badaude, eskaera horiei ahal duten neurrian erantzuten joango direla adierazi digu Iruin zinegotziak.