Jesus Elortza: "Lasaitasun mezua igorri nahi diet herritarrei"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urtarrilaren 11

Bergarako alkate Jesus Elortzarekin izan gara, atez atekoa azkenaldian ematen ari den zeresan handia dela-eta. "Kezkak entzun, beldurrak uxatu eta herriko giroa baretu nahi" dutela adierazi du eta euren nahia "herritarrak birziklatzearen beharraz jabetzea" dela gaineratu.

Prozesu parte-hartzaile bat abiarazteko asmoa duzue datozen asteetan. Zertarako eta nola gauzatuko da?

Bai, hainbat eta lasterren ekingo diogu prozesu horri, hondakinen bilketa sistemari buruzko elkarrizketa eraikitzailea bideratu nahi baitugu. Herritarren kezkak entzun nahi ditugu, beldurrak uxatu eta herriko giroa baretu. Parte-hartze prozesua definitzen ari gara, orain arte egin direnen formatua berrikusten; laster egongo gara hasteko moduan.

Oposizioak eta Bergara Garbia plataformak informaziorik eza eta inposizioa salatu dute. Horri erantzutera dator prozesua?

Ahalegin handia egin dugu herritarrei gure mezua helarazteko. Bilera ugari egin dugu auzo, komertzio, elkarte, industria eta abarrekin. Baina konturatzen gara herritar askorengana ez garela iritsi. Gure nahia da herritarrek birziklatzearen beharraz kontzientzia hartzea, gure ondorengoei inguru ahalik eta duinena uzteko.

Zergatik da atez atekoa hobea bosgarren edukiontzia baino?

Mankomunitateak proba modura bi bilketa sistema ezarri ditu: Antzuolan atez atekoa eta Aretxabaletan bosgarren edukiontzia. Emaitzak hor daude, Aretxabaletan %25 inguru birziklatzen da; Antzuolan %80. Alde nabarmena.

Bosgarren edukiontziak errauskailuaren beharra duela diozue eta zuek errauskailuaren aurka zaudete. Zergatik?

Bosgarren edukiontziarekin oso gutxi birziklatzen da; beraz, errausketa eskatzen du. Zer egin bestela zabor horrekin guztiarekin? Zergatik den txarra? Ona balitz, denok nahiko genuke etxe ondoan. Txarra da garestia delako, ingurua kutsatzen duelako eta errauts oso toxikoak biltzeko zabortegia behar duelako. Gure osasuna eta poltsikoak kaltetzen ditu.

Diozuenez, atez ateko bilketa selektiboak errauskailua saihesten du, baina ze alternatiba duzue birziklatu ezin diren hondarrentzat?

Gipuzkoan hondakinak tratatzeko 6 konpostatze-gune, tratamendu biologiko mekanikorako 3 planta eta biometanizaziorako eta ontzien aukeraketarako gune bana egingo dira. Horien kostua 183 milioikoa da; errauskailuarena, 444 milioikoa. Birziklaezinak diren hondakinak gutxi dira. Hauek inertizatu eta osasun zein ingurumenarentzat kaltegarriak ez diren hondakindegietan uzten dira.

Atez atekoa hain eraginkorra eta ona bada, zergatik uste duzu dagoela halako oposizioa herrian? Kalera irten eta hainbeste zabor poltsa zintzilik ikusten dituzunean zer pentsatzen duzu?

Aldaketek beldurra eragiten digute, gaiaren inguruan zuzena ez den informazio ugari zabaldu da eta herritarrak larritu egin dira. Lasaitasun mezua igorri nahi nieke herritarrei. Europako herrialde aurreratuenetan, Danimarkan, Alemanian, Belgikan... hondakinak gaika biltzen dira. Gainera, laster ezin izango da erre birzikla daitekeen ezer. Zertarako gastatu dirutza laster balioko ez duen errauskailu baten? Balkoietako poltsek herritarren protesta erakusten dute. Zilegitasun osoa aitortzen diegu eta entzuteko prest gaude. Era berean, gonbidatu nahi nituzke informazioa jasotzera eta hausnartzera zaborren arazoaz eta gure ondorengoei utzi nahi diegun inguruaz. 

Zer moduz doa Oxirondoko informazio bulegoa?

Gerturatu direnak informazio bila gerturatu dira, zalantza zehatzekin. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu gerturatzera, edozein duda argitzeko. 

Atez atekoa apirilean ezartzeko asmoekin jarraitzen duzue?

Parte-hartze prozesuak esango du. Europatik hondakin bilketa selektiboaz datozen aginduak kontuan hartzea ere ezinbestekoa da. Hauek guztiak mahai gainean jarri, herritarrei entzun eta adostasunetara heltzeko borondatea dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak