"Eskerrik asko, Bergara"
"BERGARA GARBIA-ATEZ ATE EZ, plataformak, bergarar guztiei, urte berri ona opatzeaz gain, Udal Gobernuak inposatu nahi digun hondakin bilketa sistema berriaren aurkako protestekin jarraituko duela adierazi nahi dizue. Alkateak komeni zaionean ahotan hainbeste erabiltzen duen "Herria" eta "herritarrak" behin eta berriz esaten ari dira 5. edukiontziaren alde daudela birziklaia areagotzeko. Ikusi besterik ez dago jendearen eguneroko protesta, baina dirudienez, Alkateari bost axola zaio herritar guzti hauen iritzia.
BERGARA GARBIA plataformak eskerrak eman nahi dizkie bergararrei protestaren lehen fase honetan erakusten ari diren pazientziagatik ikusirik udal gobernuak bere horretan jarraitzen duela. Bergararrok, kontutan hartzekoak diren 4000tik gora sinadura kontrastatuen babesarekin eta ikusgarri geratu den zabor poltsak ehundaka balkoietan zintzilikatuz egindako protestarekin, atez ate sistemaren aurka gaudela adierazteaz gain, Bergarako Udal gobernuaren gobernatzeko erak sortzen digun kezka ere kaleratu nahi dugu. BERGARA GARBIAk, guzti hau kontutan hartuta, ekintza berriekin jarraitzeko asmoa duela adierazi nahi du eta ekintza hauen artean, datozen egunetan ARARTEKOarekin bilera egingo duela jakinarazten dizue. Milaka bergararrek atez ate hondakin bilketa sistemaren aurka azaldutako desadostasun nabaria ikusi eta halere, Udal Gobernuak adierazten duen itsukeria honen aurrean aholku bila joango gara ARARTEKOarengana. Eskerrik asko bergarar guztioi egoera honetan erakusten ari zareten pazientzia eta kemenagatik. Datozen egunetan adieraziko dizkizuegu protesta ekimen berriak".