Bergara Garbia eta alkatearen arteko 2. bilera. Prentsa oharra. 2012.12.21
"Bergara Garbia plataformak Atez- ateren aurka eta 5. Edukiontzia aldarrikatzeko egindako protesta deialdiari, bergararrek, zalantzarik gabeko erantzun sendoa eman diote. Ondorioz, Alkatea, bere gobernuak hartutako Atez ate sistema inposaketaren erabakiak Herrian sortu duen gaitzespenaz ohartu da eta bere kezka onartuz, gure plataforma bilera batera deitu zuen joan den ostiralean, Abenduak 21, 13,00etan. Ezuste handia jaso genuen bileran alkateak esan behar ziguna aurrez, aspaldiko ohiturei jarraikiz bando baten bitartez eta baita prensa bitartez ere lau haizetara zabaldu zuela jakitean. Udaletxeko bileran, alkateari galdetu genion ea 5. Edukiontziaren aukera kontutan har zitekeen. Erantzun borobila eman zigun: EZ!. Ondorioz, BERGARA GARBIA plataformako kideek, beste bergarar askok bezalaxe, galdera bat egiten dugu: zertan dabil orduan Bergarako udal gobernua? Gure ustez argi dago denbora pasa besterik ez dutela nahi. Koloretako paperean bildu nahi dute Atez ateko sistema. Espero dugu BANDOAn aipatzen den parte hartze prozesu edo “galdeketa” horretan kontutan hartzea 4691 bergararren iritzia, izen-abizen eta NAN zenbakiz sinatu eta orain modu sendoagoan, poltsen bitartez protesta eginez, berriz ere Atez atekoari EZEZKO borobila eman dioten bergararren iritzia. Alkateak bergararron ezadostasun nabari hau kontutan hartu beharko luke. Zergatik ez du aintzakotzat hartzen aurrekaririk ez duen herriaren erantzun tinko hau? Alkateak %70 erainoko birziklaira nola iritsi behar den jakin nahi badu, begira dezala Europako herrialde aurreratuenetara. Mundua ez da ez Antzuolan eta ez Usurbilen amaitzen. Herri hauetan “zaborren turismoa” sortzeaz gain zenbakiek ez dute ematen. Bergararrok ahalik eta gehien sailkatu nahi ditugu hondakinak 5. Edukiontzia gehituz. Ez da aldarrikapenez mozorrotutako populismoa egiteko garaia, ez eta oinarririk gabeko haserreetarako garaia ere. Adinez helduak gara eta horrela tratatzea eskatzen dugu. ATEZ ATEKO INPOSAKETARIK EZ!!! - GALDEKETA ORAIN!!!".