EAJk eskatu dio Bergarako alkateari geldiarazi ditzala Mankomunitateak atez atekoarekin lotuta hartutako erabakiak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abe. 19a, 18:30

Bergarako EAJko ordezkari Aintzane Oiarbide eta Victoriano Gallastegik agerraldia egin dute goizean Batzokian eta eskaera zuzena egin diote alkateari: "EAJk eskatzen dio Bergarako alkateari, planteatzen duen prozesuaren ondorioz benetan denon artean erabakiko badugu bilketa sistema, Mankomunitateko lehendakariorde denez, berehala geldiarazi ditzala atez ateko hondakin bilketari lotuta dauden lehiaketa, inbertsio eta adjudikazio guztiak, benetako parte-hartze prozesua amaitu arte gutxienez". Bergara Garbiak abian jarritako ekimenari dagokionez, bestalde, esan dute izandako erantzunak erakusten duela udal gobernuak ezin duela jarraitu orain arte moduan jokatzen.

Bergarako Uri Buru Batzarraren prentsa oharra, osorik:

"Asko aldatu dira gauzak Bergaran hondakin bilketa sistemari dagokionez azken aste honetan.

Gure udal taldeak eskatutako atez ateko sistemari buruzko pleno monografikoaren ondorioz, bergarar asko ohartu ziren udal gobernuak erabaki politikoa hartuta zuela atez ate ezartzeko gure herrian. Tartean Bergara Garbia plataformako kideak zeuden, eta alkateari galdetu zioten 5. edukiontziaren alde eta atez ateren aurka bildutako sinaduren erantzuna ea zein zen". 

"Atez ateren aurkako iritzia emateko era bat besterik ez"

"Plataformak, hurrengo egunean, eman zuen prentsaurrekoan Bergarako gobernuaren jarrera salatzeaz gain ekimen bat jarri zuen martxan. Bergarako etxeetan, bakoitzak zintzilika zitzala zabor poltsak atez ateren aurkako protesta bezala. Bergarara datorren edonork ikusi dezake, milaka bergararren protesta balkoietan. Hedabide desberdinak ere badabiltza Euskal Herri osoan zabaltzen protesta mota kurioso hau. Gure ustez, protesta mota ez da ez agresiboa ez konfrontatzailea. Atez ateren aurkako iritzia emateko era bat besterik ez da". 

Bilduk gobernatzen duen beste herri batzuen bidea jarraitzeko eskaera

"Agerraldi honetan, Bergarako udal gobernuari lehenik eskatzen diogu, Bilduk gobernatzen duen beste herri batzuen bidea jarrai dezala 5 edukiontziari benetako aukera bat emanez. Urretxun, Zarautzen, Beasainen emaitzak asko hobetu dira sistema hau jarriz geroztik. Urnietan ere, EAJko alkatea egon arren, alderdi guztiek bat egiten dute, Bilduk barne, sailkatutako hondakin sistema bilketari 5. edukiontzia gehituz.

Bergarako gehiengoak ere hori adierazi du sinadura bitartez eta orain zintzilikatutako poltsen bitartez. Behartuta egitea baino pedagogia bidez emaitzak hobetzearen aldeko apustua egiteko eskatu diogu behin eta berriz udal gobernuari".

Alkatearen "eskaintza" 

"Asteleheneko ohiko plenoan, abenduaren 17an, alkateak, Elortza jaunak, idatzi bat irakurri zuen guztien artean parte-hartze prozesu bat eskainiz, Bergaran ezarriko den hondakin bilketarik onena zein den erabakitzeko. EAJk esan zion "un brindis al sol" zela eskaintza baina denon artean hartu nahi omen dutela erabakia erantzun ziguten". 

"Denon artean sistemarik eraginkorrena erabakitzeko parte-hartze prozesua?"

"Mankomunitateak atera ditu dagoeneko zintzilikario, kubo, komertzioetarako ontziak eta garraioa kontratatzeko pleguak. Hau da, hartzear daude 1.666.608 euroko aurrekontua duen lehiaketa adjudikatzeko erabakia. Eta lehiaketa gehiago ateratzeko asmoa dute horretarako 18 milioi euroko aurrekontua bideratuko dutelarik.

Gogorarazi nahi diogu Bergarako herriari Mankomunitatean Bildu dagoela ordezkari bezala, Elgetako kasuan ezik, Elgetako alkatea ez baita Bildukoa. Gehiengo nagusia du Bilduk Mankomunitatean eta Bergarako alkatea eta beste bi ordezkari bertan daude Mankomunitatean erabakiak hartzen. Zertara dator orduan Bergarako alkatea esanez parte-hartze prozesu bat zabalduko duela denon artean sistemarik eraginkor eta onena erabakitzeko?

Gure ustez, argi dago Bilduk erabakia hartuta daukala eta Bergarako herria hilabete batzuetan entretenituta egoteko estrategia ipini nahi du martxan. Benetako herritarren parte-hartzea bermatzeko era bakarra herri galdeketa egitea dela uste dugu".

Alkateari eskaera

"EAJ-PNVk eskatzen dio Bergarako alkateari, planteatzen duen prozesuaren ondorioz benetan denon artean erabakiko badugu bilketa sistema, Mankomunitateko lehendakariorde denez, berehala geldiarazi ditzala atez ateko hondakin bilketari lotuta dauden lehiaketa, inbertsio eta adjudikazio guztiak benetako parte-hartze prozesua amaitu arte gutxienez. Bergarako herriak erabakia hartu arte".

EAJk goizean eman dio sarrera eskaera honi Bergarako Udalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak