Bergara Zero Zabor taldearen prentsa oharra:
"Bergara Zero Zabor taldearen aurkezpena egin genuenetik, urtarrilaren 25ean, hiri hondakinen arazoa nola konpondu aztertzen eta herritarrekin konpartitzen aritu gara. Zaborraren eta hiri hondakinen arazoa mundu mailan bizi dugun krisi sistemikoaren ageriko arazo bat dela deritzogu. Gaur egun dugun jendarte ereduak eta hau zuzentzen duten politikek galbidean jarri dute pertsonon ongi-izatea eta berau bermatzeko sistema sozio-ekonomiaren jarduera. Ez da katastrofismoan erortzea nahi dugula, alderantziz, orain arteko eredua ez da jasangarria eta lehenbailehen paradigma aldaketa behar dugu. Alternatibak badaude eta norabide horretan ulertzen dugu hiri hondakinen eztabaida".
"Garbi daukagu norabide honetan lanean hastea ezinbestekoa dela"
"Zero zabor filosofia lehenesten dugu azken hamarkadetan izan dugun produkzio-kontsumo-zabor sortze sistema lineala (ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionean ez-jasangarria) atzean uzteko. Zabor tasak asko gutxitu eta hondakinen berrerabilpena eta birziklapena bultzatzea da filosofia honen helburua. Garbi daukagu norabide honetan lanean hastea ezinbestekoa dela egiazko garapen jasangarria lortzeko eta pairatzen ari garen krisi sistemikoa atzean uzten joateko. Horretarako Bergaran eta Gipuzkoan hartu diren zenbait neurri babesten ditugu, hala nola, erraustegiari ateak ixtea, zabortegi toxiko konbentzionalei amaiera ematea eta gaikako hondakin bilketa selektiboa egitea atez-ateko sistema bidez".
"EAJk alarma soziala piztu du"
"Zaborra eta hondakinen kontuarekin alarma soziala piztu du EAJk Bergaran, baina era berean bi gauza garbi utzi ditu: batetik, erraustegia beharrezkotzat jotzen duela zaborrari irtenbide bat emateko eta bestetik, zaborraren eztabaida sozialari eta informazioari sekulako beldurra diola. Ondorioz, bosgarren edukiontzia (organikoa bilduko lukeena) gehitzea defendatzen du atez ateko sistema jartzearen ordez. Arazoa ordea ez da edukiontzi gehiago behar ditugula, bilketa sistema bera ez dela eraginkorra baizik; izan ere, orain arteko gaikako edukiontziek erakutsi dute banaketa maila oso baxuak lortu dituztela (%25-30). Beraz, bosgarren edukiontziaren aldeko eta atez atekoaren aurkako jarrerak zabor tasa altuak sortzen jarraitzea onartzen du eta ondorioz erraustegia (zabortegi toxikoak barne) beharrezkotzat jotzea zaborra bistatik kentzeko. Hau da EAJk zaborraren aurrean duen jarrera, eztabaida parte-hartzailea oztopatzen duena eta bosgarren edukiontziaren atzean ezkutatzen dena erraustegiaren aldeko hautu arrazoi-gabea eginaz".
Lasaitasunerako deia
"Atez ateko bilketa sistemak ordea zaborra sortzea ekiditen du nabarmen, eta sortutako hondakinak hurrengo kudeaketa prozesuetarako ongi prestatzen ditu. Honek zabortegi eta erraustegien beharrik ez izatea ahalbidetzen du. Nahiz eta hau horrela izan, herritarrek kezka eta zalantza ugari erakutsi dituzte atez ateko sistemaren inguruan eta Bergara Zero Zabor taldetik lasaitasunerako eta konpromisorako dei bat egitea nahi dugu. Normala da edozein aldaketaren aurrean ezinegona eta kezkak izatea, baina ziur gaude herritarren parte-hartze sendoa lortzen bada hondakinen banaketa eta bilketa tasa garrantzitsuak lortuko direla. Eta atez ateko sistemak ez du organikoa banatzea baino eskatzen orain arteko sistemarekin alderatuta, beraz, oso praktikoa eta erraza da".
"Informatzen jarraituko dugu"
"Gainera herritarrei informatzea eskatzen diegu; hamaika saio eta hitzaldi antolatu ditu Bergara Zero Zaborrek eta baita Bergarako Udalak ere, eta aurrerantzean ildo berdinean jarraituko dugu, guztion artean ahalik eta eredu egokiena osatu ahal izateko.
Bukatzeko, lasaitasunerako deia egin, eta informazio kanpainetan parte hartzera deitu nahi ditugu Bergarako herritarrak".