"Harrokeria hutsa eta probokazioa" iruditzen zaio EAJri alkatearen jarrera

Arritxu Barruso 2012ko abenduaren 5a

Bergarako alkate Jesus Elortzak Oñatiko eta Gatzagako alkatearekin batera atzo, martitzena, atez atekoaren gainean egindako agerraldia gogor kritikatu du Bergarako EAJko Udal taldeak. Jeltzaleei "harrokeria hutsa eta probokazioa" iruditzen zaie alkatearen atzoko jarrera. EAJk atez atekoaren inguruko osoko bilkura monografikoa eskatu zuen azaroaren 21ean eta azken osoko bilkuran –azaroak 26– alkateak eskatu zuen eskaera atzerako. Jeltzaleek gogor kritikatu dute osoko bilkuran "datu gutxi zituela esan eta astebetera" prentsaurrekoa eskaintzea eta bertan esatea Bergaran eta Oñatin apirilean ezarriko dela atez atekoa. EAJko ordezkariek dei egin diete atez atekoaren aurka dauden bergarar guztiei astelehenean egingo den osoko bilkura monografikoan parte hartzeko. Iluntzeko 19:30ean izango da.

 

Bergarako EAJren prentsa oharra:

" EAJ-PNVko Udal taldeak, joan den Azaroak 21ean, Atez ateko zaborbilketari buruzko informazioa jasotzeko pleno monografiko eskaera egin zion Jesus Elortza alkateari.

 

Joan den astelehenean, Azaroak 26an izan genuen plenoan, alkateak eskatu zigun pleno hori atzeratzea hobe zela, ez daukatelako informazio gehiegirik atez ateko sistemari buruz. EAJk erantzun zion erabakiak hartzen hasiak direla Debagoieneko Mankomunitatean, pleguak argitaratzen eta abar , udaletxean ere zenbait erabaki hartzen hasiak direla eta informazioa lehen bai lehen nahi genuela jaso, zinegotzi garen aldetik eskubidea dugulako diru publikoarekin zer egiten duten eta zer egin nahi duten jakiteko. EAJko udal talde bezala pleno hori mantentzeko esan genion alkateari. Gaur,  Abenduak 4, Jesus Elortzak datu gutxi zituztela esan zuenetik aste betera, prentsaurrekoa eman du Oñati, Arrasate eta Gatzagako alkateekin batera. Bertan esan dute Bergara eta Oñatin Apirilean ezarriko dela atez ateko sistema. Jesus Elortza Alkateari ez zaio axola ez herriaren ia 4.700 sinadurak, ez Udaletxean eman behar diren azalpen eta eztabaidak. Ez du inolako errespeturik azaltzen herritarren aurrean. Harrokeria hutsa eta probokazioa iruditzen zaio EAJ-PNVri Alkatearen gaurko jarrera

 

Ez dugu onartzen jokabide hau. Demokraziaren marra gorri guztiak gainditu dituela uste dugu eta Herriari  ZERO errespetu erakutsi dio. BILDUko alkatearen errezeta INPOSIZIO eta INPOSIZIOA da.

EAJ-PNVk, dei egiten die Atez-ateren aurka dauden bergarar guztiei, astelehenean egingo den gai honi buruzko pleno monografikoan parte har dezaten. Arratsaldeko 7,30etan etor daitezela Udaletxeko pleno aretora beraien ezadostasuna azaltzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak