Ikerketaren alde, telefonoak eta tapoiak

Arritxu Barruso 2012ko aza. 30a, 01:00

Murrizketa ekonomikoen ondorio larriei aurpegi asko ipini ahal zaizkie, eta aste honetan beste aurpegi bat ezagutu dugu: Iker Galan txikiarena. Bi urte eta zortzi hilabete ditu eta gaixotasun mitokondriala dauka, gaitz arraro moduan katalogatuta dagoena.

"Mitokondriak gure gorputzeko zelula guztietan daude. Haien lana energia ematea da. Mitokondriek elikagaiak, proteinak, oxigenoa... hartu eta energia bilakatzen dituzte, gure gorputzeko organo guztiek ondo funtziona dezaten. Beraz, mutazioren bat dagoenean, hau da, mitokondriak kaltetuta daudenean, edo gabeziaren bat dagoenean, gaixotasun mitokondrialak sortzen dira", azaldu digu Ana Belen Martinezek, Ikerren amak.

Ikerren gaixotasunak bere eguneroko bizitza baldintzatzen du, esnatzen denetik oheratzen denera arte: duela denbora batetik hona, esaterako, bihotz taupadak eta oxigeno maila neurtzen dizkion makinatxo bati lotuta egon behar du uneoro. Bestetik, medikamentu asko hartu behar ditu eta horiek beste albo-ondorio batzuk sortzen dizkiote; adibidez, digestio aparatuan eta ahoan. 

Ikerketaren garrantzia 

Gaixotasun arraro guztiekin gertatzen den moduan, mitokondrialen kasuan ere oso gutxi dira gaitzaren inguruan egiten diren ikerketak. Bada, orain, egungo egoera ekonomikoarekin, ikerketa gutxi horiek bertan behera gelditzeko arriskua dago: "Espainiako Estatuan bi ikerketa egiten ari dira: bat Sevillako Pablo Olabide unibertsitatean, eta oso garrantzitsua da, gainera; gaixotasun hauek tratatu ahal izateko medikamentu eraginkorrak patentatu nahian dabiltza, gaur egun ez daukaguna. Beste ikerketa Julio Montoia doktorea Zaragozako Unibertsitatean egiten ari dena da. Ikerketa hori genetikoagoa da. "Bi alderdi oso ezberdin lantzen dituzten ikerketak dira, baina biak ere oso beharrezkoak, diagnostikoa egiteko orduan eta baita egunen baten sendatzeko modua lortzeko ere".

Eskuko telefonoak ere bai 

Esan bezala, bi ikerketa horiek bertan behera gelditzeko arriskua dago eta horregatik arduratuta daude AEPMI elkartea osatzen duten gaixotasun mitokondrialen afektatu eta gurasoak. 40.000 euro inguru beharko dituzte amaitzeko, beste bi urte gelditzen zaie ikerketok aurrera egin dezaten. Diru hori lortzeko tapoiak eta eskuko telefonoak batuko dituzte. Bergaran, esaterako, denda eta taberna askotan ari dira bilketa egiten eta udaletxean eta Oxirondo azokan ere bi kaxa ipiniko dituzte. Aretxabaletan, Arrasaten eta Oñatin ere ipini dituzte batzeko puntuak.

Debagoienak erakutsi du behin baino gehiagotan solidarioa dela.Ea, bada, gaixotasun mitokondrialak ikertu ahal izateko gure apurra ipintzeko gai garen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak