Oso gazteak dira gehienak. Bergarara etorri diren 19 ahizpak, esaterako, 20-25 urte dituzte. Luzia ahizpa da arduraduna eta haren esanetan erdiak nobiziak dira eta beste erdiak profesak, hau da, betirako botoa eman dutenak. Trinitate monasterioa nobizien formazio zentroa izango da.
Hamaika herrialde
Italia, Frantzia, Austria, Finlandia, Alemania, Errumania, Kroazia, AEBak, Ingalaterra... Hamaika herrialdetatik etorritako gazteak dira. Frantsesa da komunitatearen hizkuntza nagusia, beraz, frantsesez hitz egiten duten euren artean. Espainola ikasten ari dira orain gehienak.
Karidadetik bizi dira
Pozik daude Bergaran lehenengo aldiz monasterio batean bizitzeko aukera daukatelako: "Orain arte gure beharretarako egokitutako etxebizitza arruntetan bizi izan gara eta guretako monasterio bat izatea ikaragarria da".
San Juan eta Santo Domingoko ahizpek "bizitza orekatua" daramate eta "errezoa, ikasketak eta eskulanak" dira bizitzaren hiru ardatzak. Pobreziaren aldeko botoa eginda dutenez eskean ibiltzen dira: "Badakigu Bergaran herritarrak arduratuta daudela; eskean ikusten gaituztenez uste dute ez dugula jaten. Esan nahi diegu lasai egoteko. Gure erabakia da karitatetik bizitzea".
04:30ean esnatzen dira eta errezo eta meza artean ematen dituzte goizeko lehen orduak. 09:45etik 12:45era gero ikasi egiten dute eta arratsaldea berriz, eskulanak egiten edo bestelako lanak egiten ematen dute.
Ahizpa kirolariak
Mojen gaztetasuna ez da bergararren atentzioa eman duen gauza bakarra. Oso ohikoa da mojak abitua jantzita Bergaran barrena antxintxika egiten ikustea. Irudia, noski, oso deigarria eta ez ohikoa da. Mojak eurak ere kontziente dira horretaz: "Jendeari atentzioa ematen dio gu korrika ikusteak. Burua landu behar da baina gorputza ere bai eta horixe da egiten duguna".
Domekan, hilak 2, Santa Marina parrokian 12:0etako mezan egingo diete aurkezpen ofiziala eta azaldu digute "eguna iristeko irrikan" daudela.