Sorrerakundearen ardurapean
Olaso Dorrea Sorrerakundea da gaur egun eraikinaren jabe bakarra, eta Jakiunde akademiarekin batera partekatuko ditu aurrerantzean instalazioak. Hain zuzen, Sorrerakundeak Jakiunderen alde egin duen esleipen hori oinarritzen da akademiak euskal kultura babesteko eta sustatzeko eta euskara suspertzeko duen konpromisoan.
Akademia Olaso Dorrean kokatu aurretik, zenbait lan egin dira eraikinean, Jesus Laskurain Bergarako aparejadorearen proiektuan oinarrituta. Egindako konponketa eta atondura lanetarako zein espazioen ekipamendurako inbertsioa 500.000 euro izan da, eta kopuru hori Kutxak ordaindu du. Lanak joan den udazkenean hasi eta apirilean amaitu zituzten, aurreikusitako epeen barruan.
Konponketa beharra zuen
Olaso Dorreak kanpotik itxura ederra izan arren, estalkiak eta azpi-estalkiak konpontzeko beharra zeukaten. Hori dela eta, lan sakonenak, batez ere, estalkien eta ganbaren konponketan oinarritu dira. Horrekin guztiarekin batera, harrera bat, bulegoak eta bestelako zerbitzuak kokatzeko lanak ere egin dituzte. Horiek guztiak antzina zerbitzuguneari eskainitako dorre zatian kokatu dituzte, dorrearen zati noblean eragin barik.
Igogailua jarrita, eraikinaren gainontzeko erabilerak moldatu gabe, hirugarren solairuraino irits daiteke, eta, ganbarara igotzeko, hirugarren solairuan plataforma jasotzailea jarri dute, irisgarritasuna bermatzeko.
Ganbararainoko tarte hori eskailera gutxi batzuen bidez ere gaindi daiteke.
Harrera, bulegoak eta aretoa
Beheko solairuan sarrera bat egokitu dute eraikinaren albo baten –Telesforo Monzon plazatik–, eta harrerarako espazio bat sortu. Eremu horretan, era berean, goiko solairuetako bulegoetara eta hitzaldi aretora igotzeko eskailerak eta igogailua daude, eta, era horretan, ekidin egin dute eraikinaren zati noblean interferitzea.
Lehenengo solairuan berehalako itzulpenerako bulegoa egokitu dute; bigarrenean, office-a; eta hirugarrenean, berriz, lau bulego, batzar gela bat eta komunak jarri dituzte. Bulego horietako bi Olaso Dorrea Sorrerakundeak erabiliko ditu eta beste biak, Jakiunde Akademiak.
Ganbarari dagokionez, dorrearen azalera osoa hartzen du eta areto nagusi erabilera eman diote, hitzaldi eta halakoetarako. 125 metro koadro ditu, eta 100 bat pertsonarendako lekua. Areto hori ere partekatu egingo dute Sorrerakundeak eta Akademiak, eta Kutxak ere erabil hala izango du, beharra izanez gero. Aipatzekoa da, bestalde, aretoa janzteko, Kutxaren fondoko margolanak eskegi dituztela bertako paretetan; bost artista ospetsuren hiruna margolan, hain zuzen: Jesus Mari Lazkano eta Manu Muniategiandikoetxea bergararrenak eta Nestor Basterretxea bermeotarrarenak, esaterako.
Horrekin batera, hormen, zoruen, leihoen, kristalen, argiztapenaren eta klimatizazioaren erreforma osoa egin dute. Horrez gain, espazio guztietan altzariak eta ikus-entzunezko ekipamendua jarri dituzte.
Egoera txarrean zeuden kanpoko eremu batzuetan ere interbenitu dute: teilaren faldoiak aldatu egin dituzte, eta iragazgaitztasuna eta isolamendua hobetu eta bikaindu. Horrekin batera, teilatu-hegal polikromatua ere zaharberritu egin dute.
Jakiunde, "oso eskertuta"
Aurreko astean eman zituzten egoitza berriaren gaineko azalpenak egoitzan bertan egindako agerraldian. Han izan ziren hitzarmena sinatu duten hiru aldeetako ordezkariak: Jose Luis Elkoro, Olaso Dorrea Sorrerakundeko presidentea; Jesus Mari Ugalde, Jakiunde Akademiako presidentea; Pedro Miguel Etxenike, Akademiako ohorezko presidentea; eta Kutxaren Gizarte Ekintzako zuzendaria, Carlos Ruiz.
Jakiundeko presidenteak, Ugalde bergararrak, Sorrerakundeari lagapenagatik eskerrak eman ondoren, esan zuen esleipen horrekin euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko aukera bermatzen zaiola Akademiari. Eta hauxe ere gehitu zuen: "Aitortu beharra daukat harrotasun puntu batekin ematen ari natzaiola irekiera gaurko batzarrari. Bergarakoa izanik, ez da bakarrik gauden herrian gaudelako, gauden lekuagatik ere bada, Olaso Dorrea. Etxe hau nerabezaroan egunero ikusi eta miretsi nuen etxea da. Ezta amets gozoenean ere, ez nukeen amestuko egun batean etxe honetan Jakiunderen Batzar Orokor bati neuk emango niola hasiera".
Aurrerantzean Jakiundek Olason egingo ditu osoko bilkurak eta hileroko mahai iraunkorra ere han batuko da.
Dorrearen zaharberritzerako Estatuko aurrekontu orokorretako dirulaguntza ere izan dute, eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntza ere izango du Jakiundek egoitzaren mantenurako.
-----------------
Olaso Dorrea: XVI. mende hasierako altxor trinkoa
Jatorrian Errezabal izenarekin ezagutu zen arren, berehala hartu zuen Olaso Dorrea izena. XVI. mende hasierako eraikuntza trinko eta indartsua da. Urteetan barrena obra ugari egin dira fatxadetan: leihoak itxi eta zabaldu eta korridoreak zein galeriak ipini eta kendu zaizkio. Edozelan ere, dorre horrek ez du galdu bere jatorrizko indarra, ez eta izaera sendoa ere. Kareharrizkoa eta bi gorputzekoa da: bata garaia da eta dorre itxura dauka; bestea zabalagoa da eta lehena baino altuera txikiagokoa. Nabarmentzekoak dira gorputz zabalagoaren angeluetan dauden garitoi ederrak. Eraikuntzaren erlaitza gailentzen dute pinakulu gisa eta flamero dotorez errematatzen dira. XVII. mendean, dorre forma duen gorputza hegal barroko bikainarekin apaindu zen.