Atez atekoaren gaineko ez ohiko bilkura monografikoa eskatuko du EAJk

Arritxu Barruso 2012ko azaroaren 21a

Bergarako EAJko Udal taldeak agerraldia egin du gaur goizean. Bertan adierazi dute atez ateko bilketa sistemaren gaineko ez ohiko osoko bilkura monografikoa eskatuko dutela bihar Udalean. Bilketa sistemaren kostuaren gainean eta zintzilikarioen inguruan galdetuko diote Gobernuari, besteak beste. Informazio falta salatu dute eta Gobernuak "demokraziaren marra gorri guztiak gainditu" dituela adierazi dute.  

Bergarako EAJko Udal taldeak atez ateko bilketa sistemaren gaineko ez ohiko osoko bilkura monografikoa egiteko eskaera aurkeztuko du bihar goizean Udalean. Erabakiaren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean hedabideen aurrean.

EAJk emandako azalpenena arabera "legez alkatea behartuta dago hamabost eguneko epean osoko bilkura deitzera", eta hori horrela ez balitz idazkariak hamar egun beranduago deituko du automatikoki: "Udal Gobernuak eta Mankomunitateak atez atekoaren gainean duten dokumentazio guztia ekartzeko exijituko dugu", adierazi du EAJko zinegotzi Aintzane Oiarbidek.

Jeltzaleek salatu dute behin eta berriz eskatu arren, Udal Gobernuak ez diela informaziorik ematen bilketa sistemaren gainean eta "demokraziaren marra gorri guztiak gainditu" dituela.

Zintzilikarioak erdigunean
Zintzilikarioen ezarpenaren inguruan ere galdetuko diote jeltzaleek Gobernuari. Udaleko Ingurumen zinegotziak pasa den astean GOIENAri egindako adierazpenetan azaldu zuen zintzilikarioen kokapenaren gaineko lehenengo zirriborroa eginda dagoela. Bada, EAJk eskatu dio Gobernuari zirriborroa aurkezteko udalbatza osatzen duten gainerako alderdiei.

Zintzilikarioekin lotuta EAJk adierazi du maiatzean hainbat galdera egin zizkiotela Gobernuari "atez atekoak erdigune historikoan izan ditzakeen eraginen inguruan". Zalantza horiek Diputazioarengana bideratu behar izan ditu Udalak, eskumena Aldundiarena delako gune historikoko eraikinen moldaketei dagokienean. Jeltzaleen esanetan Diputazioaren erantzuna urriaren amaieran iritsi zen Udalera. Zentzu horretan, Oiarbidek gaineratu zuen ez duela ulertzen Udalak nola garatu duen zirriborro hori Diputazioaren txostena izan aurretik. Aldundiak egindako eskariak betearazteko Bergarako Udalaren eta Mankomunitatearen erabakiak gertutik jarraituko dituztela azaldu zuen: "Aldundiaren txostenak dio kasuak banan-banan aztertu behar direla eta Europako beste eredu batzuk begiratu behar direla. Beraz, hori guztia aztertuz gero eta gauzak egin behar diren moduan eginez gero, atez atekoaren ezarpenak luze jo beharko luke. Beste gauza bat da hori guztia kontutan ez izatea eta ez dakin nik ze eszenatokitara joango ginatekeen orduan".

Bosgarren edukiontzia ipintzeko eskaera

Amaitzeko Bergarako Gobernuari eta Debagoieneko Mankomunitateari eskatu diote atez atekoa bertan behera utzi eta bosgarren edukiontziaren alde egiteko. EAJko ordezkarien esanetan "beste herri batzuetan gauzak aldatzen ari dira", eta gauza bera egiteko eskatu diote Bergarako Udalari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak